Zenbat eta gehiago erabili, gero eta merkeagoa izango da garraio publikoa
Txartel bakarra martxoaren 4tik aurrera egongo da erabilgarri; deskontuak %90ekoak izatera iritsiko dira.
«Akordio historikoa». Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuorde Ernesto Gaskok hitz horiekin aurkeztu du datorren urteko martxoaren 4tik aurrera erabilgarri egongo den txartel bakarra. Gascorekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun diputatu Larraitz Ugarte eta Donostiako Mugikortasun zinegotzi Jon Albizu izan dira. Era berean, Irun eta Errenteriako ordezkariek hartu duten parte agerraldian.
Gipuzkoa txartel bakarra erabiltzen lehen herrialdea izango dela azpimarratu dute, Araba eta Bizkaiaren aurretik.
Larraitz Ugartek azaldutakoaren arabera, zenbat eta gehiago erabili, gero eta merkeagoa izango da garraio publikoa erabiltzea. Hori izan da, hain zuzen ere, akordioaren espiritua. Txartel bakarra izatea nahikoa izango da %45eko deskontua izateko, baina 21 eta 50 bidaia artean eginez gero, deskontu hori %56koa izango da. 51 bidaiatik gora eginez gero, berriz, beherapena %90ekoa izango da, eguneroko erabiltzailea sarituz.
Ugartek prezioak eman ditu jakitera kopuruen aldea hobeto ikusteko: «Autobuseko txartel arruntak 1,60 balioko du Donostian. 1 eta 20 bidaia artean, txartel bakarra izateagatik bakarrik, 0,88 euro balioko du bidaia bakoitzak. 21 eta 50 bidaia artean, 0,70; eta 51tik gora, 0,16 euro».
Gazteek, erretiratuek eta behar handien dituzten familiek txartel bereziak izango dituzte, deskontu handiagoekin. «Gipuzkoako garraio publikoarentzat urrats historikoa da. Garraio publikoan mugitzeko jendeari eskaini ahal zaion aukerarik onena da, bidezko prezioekin eta deskontu nabarmenekin», erantsi du Gascok.
Momentuz, Lurraldebus, Donostiabus eta Euskotren erabiltzeko aukera emango du txartel bakarrak. Garraio pubikoen eskaintza osatzeko Renfe faltako litzatekeela azpimarratu dute, eta tren zerbitzua ere txartel bakarrarekin erabili izatea helburu dutela aurreratu dute. «Lanean gaude Renfek ere bat egiteko. Hemendik martxoa bitartean denbora dugu hori lortzeko», jakinarazi du Garraio sailburuordeak.
Lurraldebusekoak balioko du
Donostiako Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk lasaitasun mezua zabaldu die Lurraldebuseko erabiltzaileei, orain dela gutxi txartel berria erabilgarri jarri baitzuten garraio hori erabiltzeko. «Lurraldebuseko txartela erreferentzi gisa izaten jarraituko dute erabiltzaileek, ez dute txartel berririk eduki beharko. Martxotik aurrera beste txartel bat egongo da, baina Lurraldebusekoa ere baliagarria izango da. Kasu honetan, jendeak pentsa ez dezala txartela aldatu beharko duenik. Dena den, hemendik martxoa bitartean informazio kanpaina egingo dugu, lan pedagogiko bat jendeak uler dezan», berretsi du Albizuk.
Mugikortasun zinegotziak, era berean, txartel bakarra kargatzeko TAO sistemako makinak erabili ahal izatea aztertzen ari direla jakinarazi du. «Hori aurrerapausu garrantzitsua izango litzateke errekargen arloan, puntu asko egongo liratekeelako aukeran. Teknikoki posible da, baina zenbateko kostua izango duen aztertzen ari gara», esan du.


