Donostiako jatetxeak munduko gosea ase nahian
Hirugarren munduko umeengan jarri dute begirada Donostiako hainbat jatetxek.
Gosea, elikagai osasuntsuen falta eta desnutrizioa pairatzen duten umeei laguntzeko Restaurantes contra el hambre (Jatetxeak gosearen aurka) kanpainarekin bat egin dute. Accion Contra el Hambre nazioarteko erakundeak estatu mailan sortutako kanpaina da. Donostian, Bodega Donostiarra, Casa Valles, Kostalde eta Slabon jatetxeek egin dute bat ekimenarekin.
Plater bakoitzeko, euro bat
Kanpainarekin bat egiteko modu desberdinak daude. Jatetxe bakoitzak bere menu edo kartako plater batzuk aukeratzen ditu, jaki solidario moduan. Plater hauek kontsumituz lortzen den diruaren portzentaia bat kanpainari ematen dio jatetxeak.
Bestela, taberna edo jatetxera doan edonork ere ekarpenak egin ditzake. «Euro bat besterik ez da eskatzen, baina orokorrean jendea ez da batere solidarioa», dio Mercedes Blanca Fernandezek, Slabon tabernako arduradunak. Kanpainarekin bat egiteko kartelak, papertxoak eta eltzeitsuak jarrita ere, Urbieta kaleko Slabon tabernan ez dute diru askorik eman bezeroek, beraz, jatetxeko langileek beraiek egingo dute ekarpenik handiena.
Bestelako erantzuna izan dute Errege Katolikoak kaleko Casa Valles eta Zurriola pasealekuko Kostalde jatetxeetan. Antxon Valles, Casa Valleseko arduradunaren arabera, «300 eurotara iristea espero dugu kanpaina bukaerarako».
Ricardo Arruti, Kostalde jatetxeko arduraduna ere gustura dago lortu duten diruarekin. «200 eurotik gora jaso ditugu dagoeneko, beraz 300 eurotara iritsiko garela uste dut. Gure eskaintzarik berezienak, paella eta asteburuko menua markatu genituen plater solidario moduan, eta erantzuna oso ona izan da. Gainera, bezeroek bestelako diru ekarpen ugari egin dute», dio Ricardo Arrutik.
Groseko Bodega Donostiarran bezeroek ez dute diru asko bota kanpainaren eltzeitsura, baina hala ere, diru asko lortzen ari dira. Miguel Montorio jatetxeko jabearen arabera, «gure bezeroak ez dira kanpainaz asko ohartu; kartelak ikusi eta batzuk galdetu izan dute, baina orokorrean ez. Dirua lortu dugu, gehien jaten diren platerak markatu ditugulako plater solidario moduan».
Plater solidario horien artean daude, tomate eta atun ensalada, urdaiazpiko iberikoa, entrekot brotxeta eta gazta. Jaki horiek salmentatik mila euro biltzea espero dute Bodega Donostiarran kanpainarako.
Restaurantes contra el hambre kanpainak azaroaren 15a arte iraungo du.