Donostiarra da Ordizian hil den langilea
57 urteko langile bat hil da gaur goizean Ordizian, lanean ari zela aldamio batetik erorita. Goizeko hamar eta erdiak aldera izan da istripua, Kale Nagusiko etxe berri batzuetako lanetan; hirugarren solairuko altueratik erori da.
Ezbeharra izan ostean langilea Donostia erietxera eraman dute anbulantzian, eta ordu batzuetara zendu da. Gizonezkoa da hildakoa, Donostian erroldatutakoa.
LAB sindikatuaren datuen arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan edo lan baldintzen ondorioz hil den 50. behargina da gaurkoa. 2011n horrela 80 langile zendu zirela dio LABek, 2010ean 84, 2009an 85, 2008an 112, 2007an 125.
Donostiako Udalak bere babesa agertu nahi izan dio hildako langile donostiarraren sendiari. Era berean, hildakoaren lagun eta lankideen aurrean samina adierazi du. Administrazio publikotik, eragile sozial eta ekonomikoekin batera, lan prebentziorako eredu berri bat eratzeko lan egin behar dela adierazi du, horrelako gertaera tristeak saiheste aldera.