Montanierrek zein jokalariek Realaren emaitza txarren erantzukizun bera dutela esan du Aperribaik
Jokin Aperribai Realeko presidenteak taldearen egoeraren inguruan hitz egin du gaur prentsaurreko batean. Argi utzi du Philippe Montanier entrenatzailearen lana emaitza txarren arazo iturri bakarra izango balitz, berehala kenduko lukeela kargutik. Aperribaik, ordea, gisa horretako erabakia oraintxe hartzea “erosoena eta errazena” izango zela uste du, eta emaitza txarren zergatia azaltzerakoan “aitzakia” izango litzatekeela.
Onartu du zer hobetua baduela Montanierrek. Aperribay atzo bertan bildu zela berarekin, eta emaitzak eskatu zizkiola esan du. Halere, egoera txarraren erantzule lehen taldeko ordezkari guztiak direla uste du. Zorrotz azaldu da jokalarien inguruan hitz egiterakoan. Konpromiso eta exijentzia hitzak erabili ditu. Erruduna ez dela Montanier esan du, eta jokalariek erantzukizun bera dutela. Gainera, erronka argia bota die jokalariei. Malagaren ostean hiru partida jokatuko ditu jarraian Anoetan; eta Aperribaik Rayo, Osasuna eta Kordobaren aurka hiru partida horiek Realak irabazi behar dituela esan du.