Mahatma Ghandi Kursaalen izan da
Jaurlaritzak antolatutako AHTaren inguruko jardunaldien bigarren eta azken eguna egin dute. Mugitu! AHTaren aurkako desobedientzia mugimenduak ez du protestarako aukera galdu, hori bai, beraien erara.
Agerraldirako kazetari eta argazkilariak itxaroten zituen Mahatma Ghandik Kursaaleko atean. Mugitu! AHTaren aurkako desobedientzia mugimenduak Ghandi azalduko zen abisua emana zuen. Zehazki, azaroaren 1etik aurrera egingo dituzten baraualdiei babesa ematera .
Zubi ingurutik ikusi ahal izan ziren lehen ekintzaileak. Bizikleta batek tiraka gurditxo baten gainean Ghandi ederki irudikatzen zuen gizon bat zihoan, baraualdiarekin bat eginez. Eskutan AHTk platera husten digu! zihoen kartel bat zeraman eta inguruan, bake mezua zabaltzen zebiltzan hainbat jarraitzaile zebiltzan.
Ekintzaren helburua, azaroaren 10ean hasita, AHTaren aurka egingo diren baraualdietara deialdia egitea izan zen. Horretarako, Jaurlaritzak AHTaren onuren inguruko jardunaldien kartelaren aurrean jarri ziren, megafoniaz mezua errepikatuz.
Baraualdiak, Bilbon hasiko dira eta 17an lekukoa emango dio Gipuzkoari. Herri desberdinetan izango dira txandakako baraualdiak, eta horien artean 19an Donostiara iritsiko da. Giro koloretsu eta alaiean, ongietorria egingo zaie Deba Goienatik datozenei. Arratsaldeko 19:00 etan Bulebarrean, kontzertu eta dantzak izango dira. Hurrengo egunetan, 22ra bitartean, ekitaldi eta mahai inguru ugari izango dira, gehienak Boulebarrean.
Alkateari papera
Lortu zuten, Kusaaleko ateraino iristea, baina, kazetari eta argazkilariez gain, Ertzaintza ere zain zuten eta bertan ezin egon zitezkeela esan zieten. Indiatik etorritako pertsona baketsu horiek, ordea, ez zituzten poliziaren hitzak ulertzen eta loreak eskaini zizkieten eta bertan jarritu zuten haien baraualdiko informazioa megafoniatik zabaltzen.
Bitartean jende ugari inguratu zen, bertako zalaparta eta pertsonaia horiek atentzioa deituta. Eta inguruko jarraitzaileek loreak eta esku orri informatiboak banatzen jarraitu zuten handik pasatzen zen edonori. Halako batean, ausaz, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre pasa zen, eta besteak beste, han zen baita ere Garazi Lopez de Etxezarreta Aldundiko Kultura zuzendaria. Hauei ere lore eta paperak banatu zizkieten, eta beraiek hartu.
Ertzaintzak bota arte
Protestak 20 bat minutu zeramatzala, Ertzaintzak eskatutako laguntza iritsi zen lekura. Bi furgonetetatik hainbat ertzaina beltz jaitsi ziren, eta Mahatma eta lagunek arazorik izan aurretik alde egitea erabaki zuten.
Joan aurretik, ordea, haien mezua zabaltzen jarraitu zuten: Ghandik bat egingo du baraualdiarekin, eta jendea parte hartzera animatu nahi izan zuten.



