AHTren eragin ekonomikoari buruz Gascok emandako datuak gezurra direla dio Gipuzkoako Ogasunak
Jaurlaritzak ez duela kalkulu hori egiteko erramintarik azaldu du Gipuzkoako Ogasunak eta 2011ko ekitaldian, Gipuzkoako zerga bilketan eragin negatiboa izan zutela lanek BEZaren alorrean.
Ernesto Gasco Garraio jarduneko sailburuordeak AHTren eragin ekonomikoari buruz zabaldutako informazioak funtsik gabeak direla azaldu du Gipuzkoako Ogasunak. AHTak Gipuzkoarentzat ekarriko lukeen eragin ekonomikoa, Ogasun alorrean eskumena duen edozein erakunderentzat kalkulatzea ariketa konplexua dela adierazi dute, eta are gehiago Eusko Jaurlaritzarentzat, ez duelako zerga alorreko eskumenik.
Kalkulua egiteko, hainbat faktore hartu beharko liratekeela kontuan azaldu dute, hala nola, enpresen fakturazioa ondasunen eta zerbitzuen alorrean; lurralde kokapena; eta administrazio eskudun guztiak, zerga oro zehaztu ahal izateko. Horretarako metodo bakarra baino ez dagoela adierazi dute: zuzenean eta zeharka parte hartzen duten enpresa guztien emaitzak banan-banan aztertzeko eta zergapetzeko aldagai guzti-guztiak kontuan hartzea.
656 milioi Gascoren esanetan
Gascok adierazi zuen AHTak 656 milioi euro utzi dituela Gipuzkoan, zerga bidez. Hau da, Gipuzkoan orain arte esleitutako 1.642 milioi euroen %40, BEZ eta PFEZ bidez. Gipuzkoako Ogasunak dio, lehenago azaldutakoa dela eta, Eusko Jaurlaritzak ez duela gaitasunik era horretako emaitzarik kalkulatzeko.
13.514.512 euro itzuli behar
BEZaren alorrean, badela beste ondorio batzuk ateratzeko moduko datu konkreturik adierazi dute. Esate baterako, azladu dute, enpresa bitartekariek AHTren lanekin zuzenean lotutako ingeniaritza zerbitzuak fakturatzen dizkiotela Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Ogasunari egokitzen zaiola BEZaren alorreko itzulketak egitea. Ingeniaritza zerbitzu horiek 2011ko ekitaldian Gipuzkoako zerga-bilketan eragin negatiboa izan zutela adierazi dute, zehazki, 13.514.512 euro itzuli behar izan zirelako.
Kopuru hori beste administrazio batzuek jaso zutela azaldu dute eta horiexek direla Gipuzkoako Foru Aldundiak dauzkan datu “zehatz, egiazko eta zuzen bakarrak”.


