Enrique Cifuentes: "Guretzat proba garrantzitsuena da eta lan gehiena ematen diguna"
Behobia-Donostia 48. lasterketaren aurkezpena egin dute gaur goizean, Belodromoan, Korrikalariaren Azoka irekitzearekin batera. Enrique Cifuentes Fortunako entrenatzailea izan da agerraldiaren aurkezlea, eta berak hartu du hitza hasieran: “Guretzat proba garrantzitsuena da eta lan gehiena ematen diguna”, aipatu du presidenteak. Aurten ere lasterketak partaidetza marka hautsi duela gogorarazi du Cifuentesek, eta 20.000 lagun inguruk parte hartuko dutela. Ondoren, Ikerne Badiola Kirol diputatuaren txanda izan da. “Ongi etorri edo ia benbinguts esan beharko genuke; aurten ere Kataluniako korrikalari asko etorriko baitira lasterketan parte hartzera; 4.000 hain zuzen. Argi dago kirol proba bat baino gehiago dela Behobia, horrek antolakuntzan eraginik izan gabe. Bide batez, Gipuzkoa erakusten die kanpotik datozen milaka korrikalariri”, azaldu du Badiolak. Josu Ruiz udaleko Kirol zinegotziak ere hitz egin du aurkezpenean: “Proba honek bikain uztartzen ditu kirola eta turismoa”, aipatu du Ruizek. Javier Zapata Adidas markako kidea izan da hitz egin duen azkena, eta bereziki kontuan izan du azokaren aldaketa. “Antolatzaileak zoriondu nahi ditut Korrikalariaren Azoka Kursaaletik Belodromora aldatzeagatik. Oso pozik gaude”, aipatu du Zapatak. Izan ere, Kursaalean azoka ederki zegoen arren, Belodromoa leku hobea dela uste du.


