Kaleratzeekin amaitzeko eskatu dute Aldundiak eta Donostiako Udalak
Kaleratzeekin gelditzeko neurri zehatzak proposatu eta kontuan hartzeko eskatu diote Kutxabanki
Etxetik kaleratzera zihoazela Barakaldon bere buruaz beste egin duen emakumearen harira, ezohiko agerraldia egin dute Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Ikerne Badiola diputatu nagusiaren ordezkariak. Agerraldia, Kutxaren erakunde fundatzaileetako ordezkari gisa egin dute.
Lehenik eta behin haien doluminak azaldu dizkiete Amaia Egañaren lagun eta senitartekoei. Ondoren Izagirrek, argi utzi du, erakundeek asko egin dezaketela; “ez da egia erakundeek ezin dugunik ezer egin”, adierazi du, eta behin eta berriz errepikatu dute, atzean dagoen banketxea dena delako izanda ere, bukatzeko behingoz kaleratzeekin. Hori dela eta, eta Kutxabankeko entitate sortzaile eta bazkide bezala, hartu beharreko neurriak jarri dituzte mahai gainean.
Proposamen mahai gainean
Argi azaldu dituzte hiru puntu izango litukeen neurri zehatzak: Norbaitek ezin duenean hipoteka ordaintzen jarraitu, ordainketan ezohiko etete bat egin eta etxebizitza entitate publiko baten esku geratuko litzateke. Ondoren entitate honek, kaltetuak dituen diru iturrien arabera alokairu sozial bat jarriko lioke eta berriz hipotekaren ordainketa egin dezakeenean, jatorrizko bankuari ordainketa egitea proposatu dute.
Kutxabanki eskatu diote, proposamena lehenbailehen kontutan hartzeko eta kaleratzeekin bukatzeko; “erabateko urgentziazkoa baita”, esan du Izagirrek.

