Urumeako segurtasuna hobetuko duen hitzarmena sinatu dute
Añarbeko Urak eta Uraren Euskal Agentzia-URAk sinatu dute hitzarmena eta Añarbeko presan 18 hobekuntza jarduera aurreikusten dituzte.
Gaur sinatu dute, hurrengo 10 urteetan Añarbeko presan hobenkutzak egin eta hala, Urumea ibaia seguruagoa egingo duen hitzarmena. Orain arte bezala, uhaldiak kontrolatzen jarraituko du Añarbeko presak, baina prozedura hau hobetzea du helburu hitzarmen honek.
Bertan izan dira Añarbeko Patzuergoko presidente Nora Galparsoro, URAko zuzendari nagusi Iñaki Urrizalki eta Añarbeko Urakeko lehendakari Enrique Noain. Azken honek azaldu duenez, 18 jarduera egingo dira guztira, Añarbeko presak bere funtzio eta maniobren eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzeko.
Iñaki Urrizalki, URAko zuzendari nagusiak, uholdeen prebentzioan egiten duten eta egiteko dagoen lana azpimarratu du; “uholdeen prebentzioa erronka handia da”, esan du eta horregatik Urumean eta inguruetan bereziki inbertsio eta elkarlana ezinbestekoak direla adierazi du. Guztira 600.000 euroko inbertsioa egingo dute Añarben, eta bi erakundeek %50a ordainduko dute.
Informazioa denen eskura
Egingo dituzten hobekuntzak hiru ardatz beteko dituzte. Lehenengoan, Añarbeko uhateen maniobrak hobetuko dira. Bestetik, informazioaren kudeaketa hobetzea izango da helburua, besteak beste, kamarak ezarriko dira eta webgunea hobetuko da. Webgune eta kamara horien ezarpenak, larrialdi egoeretan edo euriteak espero direnenan, informazio zein irudiak edozein herritarren esku jartzea ahalbidetuko duela azaldu du Noainek. Eta azkenik, hustuketa maniobrak hobetuko dira.
Hamar urte barru hobekuntza guztiak amaituta egotea espero dute.


