Donostia Hiria Altzari Diseinu Lehiaketako lanak bildu dituzte
Kutxa Boulevardeko lehen aretoan lehiara aurkeztutako sorkuntza onenak bisita daitezke abenduaren 9a arte
Donostia Hiria Altzari Lehiaketa bi urtetik behin jokatzen dute, eta aurten XVI. edizioaren txanda izan da. Hainbat Lanbide Heziketako Ikastetxek parte hartzen dute lehiaketan, tartean, Donostiako Easo Politeknikoak. Eskola bakoitzetik ikasle bat baino gehiagok euren sorkuntzak lehiaketara bidaltzen dituzte, eta aurten, guztira, 85 lan jaso dituzte. Guztien artean, Easo Politeknikoko Jon Reguillaga izan da irabazlea, telebista birakorra duen altzariagatik; bigarren postuan, Akitaniako Maxime Da Silva geratu da, hosto formako Leaf izeneko mahaiarekin; eta hirugarrena, berriz, Easo Politeknikoko Ander Perez de Arriluzeak egindako altzaria izan da, Slalom apalategiarekin. Lehengo astean banatu zizkieten sariak irabazleei; 2.000, 800 eta 500 euro hurrenez hurren, eta ordenagailu eramangarri bana. Orain, lehiaketara aurkeztutako lan guztietatik 18 aukeratu dituzte Kutxa Boulevardeko areto batean, erakusketa modura. Erakusketa jada zabalik dago, eta abenduaren 9a arte bisita daiteke.
Javier Jimenez lehiaketaren arduradunetako bat da, eta oso ongi azaldu dizkio Irutxuloko Hitzari lehiaren helburuak. «1991ean hasi zen ekimena, Lanbide Heziketako ikasleentzako zerbait egin behar zelakoan; bereziki egur eta altzari ikasketak egiten ari zirenentzako. Horrela, gure ikasketen maila handituko genuen, ikasleen lana baloratzen da, lanbide heziketako ikastetxeen arteko harremana bultzatzen da, lanak ezagutaraztea Valentziako altzari azokara emanez… guztia diseinatzaile gazteei zuzendua», argitu du Jimenezek.
Gutxi gora-behera, bizpahiru lan bidaltzen dituzte eskola bakoitzetik lehiaketara. «Badakit ikastetxe bakoitzean lehiaketa modukoak antolatzen dituztela euren ikasleen artean, lan onenak hautatzeko, beraz, ikasle asko mugitzen ditugu. Badakigu lehiaketaren 16 edizioetan 300 altzari inguru jarri ditugula erakusgai».
Epai-mahaia ekaina bukaeran batzen da, enpresetako arduradunak, Aldundiko kideren bat, gai horretan berezitutako kazetariren bat, dekoratzaileak eta ikasle ohiren bat batzen dira, besteak beste, zortzi lagun batu arte. Aukeraketa zaila izan den galdetzerakoan, Jimenezek sendo erantzun du. «Lehen sarituaren lana nabarmendu egin zen; eta nahiko azkar hartu zuten erabakia. Beste urte batzuetan, askoz ere zailagoa izan da erabakia hartzea». Azken batean, onena zein den aukeratzerakoan, «dena» kontuan hartzen dutela dio Jimenezek. «Erabilgarritasuna, estetikoki ikusgarria izatea, erraztasunez fabrikatu ahal izatea… prototipoak egitea ere ez da beharrezkoa, baina laguntzen du, baita marrazkiek ere. Gainera, hiru sari nagusietaz gain, ekodiseinuaren saria ere ematen dugu, altzariaren bizitzaren alderdi guztietan ingurugiroa kontuan hartu dela baloratuz». Aurten esaterako, Murtziako Juan Carpenak jaso du Ekodiseinuaren saria, Land lanarengatik.
Aurten, Jon Reguillagaren lanak irabaztea merezi zuen arduradunaren ustez. «Nire iritziz lan modernoa sortu du, eta bereziki oso erabilgarria da etxe bateko espazio desberdinak banatzeko. Zentzu horri dagokionean, oso orijinala da».
2016an lehiaketa bereziagoa
Lan irabazlearekin batera, bigarrena eta hirugarrena, eta beste 15 lan ikus daitezke, bozkatuenak, hain zuzen ere. «Hiru sari nagusiak eta Ekodiseinukoaz gain, lan bozkatuenak daude erakusketan. Hala, hamar erkidegoetan egindako lanak sartu ditugu erakusketa osatzeko, baita Akitaniako bi lan ere».
Enpresaren batek ikasleren batek egindako lanen bat merkaturatzeko interesa izango balu, erakusketako antolatzaileekin jarri beharko litzateke harremanetan. Ondoren, antolatzaileak ikaslearekin harremanetan jartzeaz arduratuko lirateke, bera baita altzariaren jabea. «Inoiz egon da halako kasuren bat, baina hori ez da lehiaketaren helburua. Guk halako ekimenak bultzatu nahi ditugu. Hala ere, aurten ere badago norbait lanen batekin interesatua, ikusiko dugu».
Datozen urteetan ere lehiaketarekin jarraitzeko asmoa dute. «Arazoren bat egon da, diru-laguntzek behera egin baitute, baina lehiaketa mantentzen jarraitu nahi dugu. 2016an, lehiaketa berezia egin nahi dugu, Donostiak Europako Kultur Hiriburutza lortuko duelako. Gainera, 25 urte beteko ditu orduan lehiaketak.
Erakusketa
- Zer. Donostia Hiria XVI. Altzari Diseinu Lehiaketaren erakusketa.
- Non. Kutxa Boulevardeko lehenengo aretoan.
- Noiz. Abenduaren 9a arte; asteartetik igandera.
- Ordutegia. 11.30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara.
- Sarrera. Doakoa



