Hirian kongresuak antolatzeagatik enbaxadoreak izendatu dituzte
Pedro Miguel Etxenike ohorezko enbaxadore izendatu dute; hogeita hamar bat lagunek jaso dute saria
Enbaxadore programa aurkeztu zuten atzo Kursaalen egindako ekitaldian. Bertan, Donostian kongresuak antolatzen dituzten eta kanpoko kongresuak hirira ekartzen aritzen diren horiek omendu nahi dituztela adierazi zuen Juan Karlos Izagirre alkateak; «egindako esfortzu hori eskertzeko egitasmoa da hau», azaldu zuen.
Programa, Kursaalek eta Donostia Turismo & Convention Bureauk jarri dute martxan, ekitaldia, Donostia Turismoko Manu Narvaez eta Kursaaleko zuzendari Iker Goikoetxeak gidatu zutelarik. Bertan enbaxadore programak, beraien alorretan diharduten profesionalek, kongresuak antolatzeko ardura beraien gain hartzen dutenean egindako ahaleginagatik esker on sinbolikoa izan nahi duela azaldu zuten.
Lehen omenduak
Ekitaldian bertan izendatu zituzten lehen omenduak, izan ere, hiru enbaxadore mota bereizi dituzte egindako lana eskertzeko, eta horien barruan hainbat omendu.
Batetik, Izendatutako enbaxadoreak aipatu zituzten, zehazki, kongresu baterako hautagaitza aurkeztu eta irabazten dutenak goraipatzeko. Atzo 29k jaso zuten izendapena eta hirira hiru kongresu ekartzen dituzteneek Ohorezko enbaxadore izendapena lortuko dute.
Ohorezko enbaxadoreak, beraien arloan eragin handiko profesionalak direnak, Espainia mailan eta nazioartean ospe handikoak eta hiriaren alde lan egiten dutela iritzitakoak izango dira. Lehehengo eta sorretatik omendutako Ohorezko enbaxadorea Pedro Miguel Etxenike izan zen. Atzo eman zion Juan Karlos Izagirre alkateak bereizgarria.
Azkenik, Erakunde enbaxadoreak izango dira, lurraldean eredugarri diren erakunde, unibertsitate, ospitale edota teknologia ikerketa arloak omenduko dituenak, eta ia 60 izan ziren eskertuak.
83 milioi hiriarentzat
Hirian egiten diren kongresuek eragin kuantitatibo zein kualitatibo handia dutela azpimarratu nahi izan zuten Narvaez eta Goikoetxeak. Donostia, Espainia mailako eta nazioarte mailako ekitaldi garrantzitsuen egoitza bihurtzen lan egin dutenei berriro ere eskerrak emanez.
Azken lau urteetan 435 kongresu egin direla esan zuten eta bertara 126.500 lagun inguratu zirela adierazi zuten. Honek guztiak hirian 83 milioi euro sortu zituela adierazi zuten. Gainera, gogorarazi zuten, 2010ean, APCE kongresu zerrendan hirugarren izan zela Donostia.


