Traba guztiak gainditzen ditu ilusioak
Kemen, Pertsona Elbarrituen Kirol Elkarteak antolatutako argazki erakusketan kirolarien ahalegina nabarmentzen da.
Kemen; izen egokia jarri zioten Pertsona Elbarrituen Kirol Elkateari, kemena baita talde honek soberan duena. Aurrera egiteko kemena, oztopo fisiko guztiak gainditu eta eguneroko bizimoduari aurrez-aurre begiratzeko kemena.
Tokatu ez zaionak ez daki, ordea, zer nolako kemena eduki behar den gizarte honetan ezberdina izateko. Berdintasunaren aldeko lan horretan, oraingoan, guztion aurrean jarri du Kemen Kirol Elkarteak urritasun fisikoak dituzten kirolarien lana, argazki erakusketa baten bidez. Anoetan, Kirol Federazioaren egoitzan dago 74 argazkiz osatutako erakusketa.
Kirolari esker
Kirol ezberdinak eta urritasun fisiko ugari ageri dira erakusketan. Kirolari bakoitzak bere mugak ditu, baikoitzak bere helmugak. Baina guztiek abiapuntu bakarra dute, kirola. Eta guztiei hauspo berak eragiten die, kemenak.
Rafa Hernandez (Erdialdea, 1957) Kemeneko kidearen esanetan, «urritasun fisikoak dituzten askorentzako, kirola da aurrera egiten laguntzen dien motorra; kirolaren bidez autonomia maila altua lortzen dute askok, autoestima eta ilusioa berreskuratzen dituzte, istripu edo gaixotasun larriren batetik atera ondoren».
Marta Mitxelena (Intxaurrondo, 1962) ere Kemeneko kidea da. Gaixotasun degeneratibo baten ondorioz, gurpildun aulkian mugitzen da. Berak ez du kirolik egiten baina borondatezko lan ugari egiten du. Marta Mitxelenaren esanetan, «Kemen Elkartean aholkularitza, babesa, lagunak, aurki daitezke. Elbarritua egotea gogorra da, baina aurrera egin behar da. Elbarritua egoteak ez du esan nahi etxean geratu behar dugunik, orokorrean gizartean jasotzen ez den laguntza hori eskaintzen du Kemen taldeak, familia handi bat gara».
Kemen Elkarteak ahalegin handia egiten du, bere familiari laguntzeko. Rafa Hernandezen esanetan, «gure kirolariek tresna bereziak behar dituzte. Elbarrientzako materialak oso garestiak dira, eta ahal den neurrian bakoitzaren beharretara egokitzen saiatzen gara. Argazkietan ikusten denez, kirolarien ahalegina handia izaten da, baina jasotzen dituzten animoak ez dira neurri berekoak izaten».
Behobia-Donostia lasterketa erakusleiho bikaina da, baina eguneroko lana da gehien eskertzen dutena. Gainera, atletismoaz haratago, egokitutako kirol ugari lantzen dituzte, eta horixe erakutsi nahi dute argazki bilduma honen bidez. Laugarren aldia da kirol egokituari buruzko argazki lehiaketa antolatzen dutena. Hurrengo urteko lehiaketan parte hartu nahi duenak, Gipuzkoako Argazkilaritza Elkartera bidali behar ditu argazkiak.
Erakusketa gaur amaituko da, baina Kemen Elkarteko kideek bihar ere lanean jarraituko dute.





