Donostiak Euskotreneko tarifa gune bakarra izango du txartel bakarra abian jartzen denean
Gaur egun zazpi eremu ezberdinetan banatua dago Euskotrenek egiten duen ibilbidea, eta eremuaren arabera, tarifak ere ezberdinak dira. Gainera, Donostia bi eremutan zatitua dago: Lasartetik Amarako Easo plazaraino eta Amaratik Oiartzun arte. Horrela, Donostian bertan egiten den ibilbidearen arabera, prezioa aldatu egiten da. Ondorioz, Lugaritz eta Amara artean bidaiatzea garestiagoa da, Intxaurrondotik Amarara bidaiatzea baino, adibidez.
Martxotik aurrera, Gipuzkoan txartel bakarra abian jartzearekin batera, lau izango dira guneak, eta Donostian ez da tarifa jauzirik izango. Donostialdeako tarifa guneak, Lasarte, Usurbil, Donostia, Oiartzun, Errenteria, Lezo eta Pasaia batuko ditu, eta bidaiariek ordainketa bera egingo dute eremu guztian, 1,60 euro.
Orain arte Lasartetik Lezora joaten zen bidaiariak, adibidez, 3 euro ordaintzen zituen; 1,50 euro gune bakoitzeko. Tarifa gunea bateratzean ordaindu beharrekoa ia erdia izango da.
Gainerako eremuak hauek izango dira: Eibar-Elgoibar-Mendaro-Deba, batetik. Zumaia-Zarautz-Aia-Orio, bestetik. Eta, azkenik Irun-Hodarribia.
Tarifa guneak gutxitzeak, eta batez ere Donostialdean eremu bakarra izateak onura nabarmenak izango ditu. Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuorde Ernesto Gascoren esanetan, “garraio publikoa autoaren erabilerari aurre egiteko zerbitzu egokiena bilakatu behar da, eta aldaketa hauekin pauso nabarmena lortuko dugu. Bidaiariek dirua eta denbora aurreztuko dute txartel bakarrarekin”.
Txartel bakarraren erabilera da hain zuzen ere, garraio ordezkariek bultzatu nahi dutena. Mugi txartelak, momentuz, Lurraldebus, Donostiabus eta Euskotren erabiltzeko aukera emango du, eta zenbat eta gehiago erabili, orduan eta merkeagoa izango da garraio publikoa.
Topoa Erdialderaino
Euskotreneko tarifa guneen aldaketa eta Mugi txartel bakarraren erabilera babesteaz gain, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuorde Ernesto Gascok jakinarazi du aste honetan hasi direla Altzan topoaren lanak. “Hiru urtean, Metro Donostialdea Altzara iristea espero dugu”, adierazi du Gascok.
Topoa Donostia Erdialdera eramango duten lanak berriz hilabete honen bukaeran hasiko dituzte.



