Ganbera musikarako lan bat egin du Joserra Senperenak
Abuztuan grabatu zuen ‘Hamar trio piano, biolin eta akordeoirako’ diskoa. Otsailaren 1ean aurkeztuko du zuzenean, Viktoria Eugenian
Hirukote ezohikoa osatu du Joserra Senperena piano jotzaileak disko berrian; Pianoa, biolina eta akordeoia elkartu ditu. Trio klasikoa pianoa, biolina eta txeloa dela azaldu du musikariak. Donostiarra formatu horretan hasi zen idazten disko berria, eta horrela osatu zuen. Tarteka, trio klasikoan pentsatu zuela aitortu du: “Formatu klasikoa izan zitekeen, baina serioagoa izango zen, eta ez nuen hori gertatzea nahi. Txeloarekin eginez gero, trio klasiko bihurtu eta diskoak seriotasun handiegia izango zela beldur zen. “Akordeoiarekin musikak pop ikutua hartzen du, eta kutsu herrikoiagoa lortzen da horrela. “.
Ganbera musikarako egindako lan bat dela esan du, eta horrelako obra bat definitzea zaila dela aitortu du. Kantuek pop egitura dutela azaldu du. Eta melodiak lirikotik abstrakzioraino doazela: “Batzuk abstraktuagoak dira, melodikoagoak dira besteak… Hain zuzen ere, tarte horretan aurkitzen du diskoak oreka”. Doinu, armonia eta erritmo desberdinak daude bilduma honetan, lirikatik abstrakzioraino, inongo aurreiritzirik gabe, musika egitea baitu xede bakarra, generoen mugak alde batera utzita.
Donibane Lohizuneko Xabier Gil biolin jotzailea eta Gasteizko Naiara de la Puente akordeoi jotzailearekin osatu du hirukotea. Bi musikariak Crater Ensemble taldeko kideak dira. Oraingoz zuzeneko bat dute egutegian. Donostian aurkeztuko dute diskoa, Viktoria Eugenia Antzokian. Otsailaren 1ean izango da emanaldia.
10 trio piano, biolin eta akordeoiako izena du diskoak, eta diskoaren edukia bera zein den argi azaltzen du. Diskoari izenbururik ez jartzea musika klasikoan eta koadroetan ohikoa dela azaldu du Senperenak, eta ideia hori bere diskorako ere erakargarria iruditzen zitzaiola. Abuztuan grabatu zuen, eta orain argitaratu du, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin.
Cuentos para adultos (2011) proiekturako egindako musikaren bidetik egin duela esan du donostiarrak. Dora Salazar eta Harkaitz Canorekin batera egindako proiektua izan zen hura: “Horrela iritsi da disko berria”. Tabakaleran grabatu zuen piano solo hura.




