Donostia Ospitaleko haurrak alaituko ditu pailazo talde batek ostegunetik aurrera
Algaraklown pailazo taldea Donostia Ospitaleko haur eta gaztetxoei sendatzen laguntzeko sortu dute.
Mina eta gaixotasuna dagoen tokietan alaitasuna eta ilusioa banatzeko sortutako pailazo terapeutiko taldea da Algaraklown.
Askotan, pailazo izateak kutsu ezkorra badu ere, clown edo pailazoen alde xamurra, maitakorra, xumea eta inozoa defendatu dute Algaraklown taldeko kideek. Amparo Miguel (Valentzia, 1951) pailazoaren hitzetan, «pailazoak oso sentiberak dira, eta emozio txikienetatik mundu bat egiteko gai dira». Zintzoak dira, maite dute egiten dutena, eta jasotako txaloek ematen diete beti aurrera egiteko indarra. Saioa Aizpurua (Errenteria, 1978) clownaren esanetan, berriz, «pailazoen helburua aurrean duenari sentiaraztea da. Normalean umorea erabiltzen da horretarako, baina beti izaten da atzeko mezuren bat».
Umorea sendagai
Pailazoentzako, umeen begietako dizdira da saririk handiena, eta Donostiako Ospitalean ere horixe lortzea espero dute. Ostegunean egingo dute lehenengo bisita, eta aurrerantzean hilean bi egunetan izango dira Ospitalean. Ostegun arratsaldetan joango dira, pediatria saileko haur eta gaztetxoengana. Saioa Aizpuruaren esanetan, «laguntza sanitarioa eskaini nahi dugu. Haur eta gurasoak alaitu, barre eginarazi, eta beraien egonaldia goxatu, beraien gogoa eta egoera errespetatuz beti ere. Nahi ez dutenengana ez gara joango, noski».
Babes eskaera
Algaraklownen lana borondatezkoa da; irrifar bat edo txalo batzuk nahikoak dituzte lanean jarraitzeko. Oinarrizko azpiegitura baten finantzaketa beharrezkoa dute, ordea, eta elkarte zein erakundeen laguntza ekonomikoa eskertuko lukete beren asmoekin aurrera jarraitzeko.
Gainera, abenduko bigarren eta hirugarren asteburuan clown eta ospitaleko clown izateko ikastaro trinkoak antolatuko dituzte, parte hartu nahi duen edonorentzako, hogei euroren truke.
Ospitaleko pailazoen egitasmoari lagundu nahi dionak edo bertan parte hartu nahi duenak beraiengana jotzea besterik ez du. Horretarako, algaraklowngipuzkoa@gmail.com helbidera idatzi dezake.