Funikular berrituak arau estetiko berezi batzuk jarraitu beharko ditu
Eusko Jaurlaritzak beste 50 urterako luzatu du Donostiako Igeldoko funikularraren bizitza, esplotazio baldintza agiri berria onartuz. Aurreko esplotazio baldintza hitzarmena 1912koa zen, eta geroztik ez zen inoiz berritu. Joan den urtarrilean agortu zen, eta Jaurlaritzak erabaki zuen bi urtez luzatzea, epe horretan baldintza-agiria europar araudiari egokitzeko denbora utziz. Horren ostean, hitzarmena beste 50 urtez luzatuko dute.
Funikularraren berritzeak kezka sortu du donostiarren artean. Izan ere, europar araudiari egokitu behar izanak egun duen estetika hautsi lezake. Besteak beste, sare sozialetan Funikularra salba dezagun ekimena abian jarri zuten. Funikularrak egun duen itxura eta nortasuna babesteko ekimena da. Eusko Jaurlaritzaren Ondasun zerbitzuan 4.000 sinadura utzi zituzten, funikularra kultur ondare izendatzearen alde.
Segurtasun eta irisgarritasun neurriak bete beharko baditu ere, araudiak “balio historiko eta estetikoa” eta gainontzeko eraikinak zaindu beharko ditu. Mikel Diaz Jaurlaritzako Garraio zuzendariak ohartarazi du baldintza berriek ez dutela baztertzen bagoi edo instalazio berriak jartzea. Alabaina, arau estetiko berezi batzuk jarraitu beharko dituzte, hala nola kolore gorria, bagoietan zura mantentzea eta trakzio sistema mekanikoa izatea.
Funikularrak eta Igeldoko parkeak mendeurrena bete dute aurten. Ikus Irutxuloko Hitzak funikularraren urtemugaren harira iaz egin zuen bideoa.