San Telmo Museoa, Antonio Tastet merkatari baionarraren arrastoaren atzetik
Donostian bizi izan zen XVIII. mendearen erdialdean. Berak idatzitako gutunen kopia-liburua Caracasko Errege Konpainiarena zela uste zuten. Pieza San Telmo Museoaren erakusketa iraunkorrean dago ikusgai
XVIII. mendeko dokumentu bat albiste bihurtu berri da San Telmo Museoan. Donostiak eta itsas merkataritzak garai hartan zuen garrantzia islatzen du pieza honek; itsas salerosketen berri ematen duten gutunak biltzen dituen kopia liburu bat da. Caracasko Errege Konpainiarena zela uste zen, baina Montserrat Garate katedradunaren ikerketa lanei esker jakin dute merkatari baionar batenak direla. Antonio Tastetek idatzi zituen.
Piezari buruzko datu berriak, ordea, ez ziren berritu museoa berriz inauguratu zenean. Kopia liburua San Telmoko erakusketa iraunkorrean dago ikusgai, Memoriaren aztarnak atalean. Alvaro Aragon EHUko irakasleak eman zuen akatsaren berri.
Alvaro Aragon EHUko irakasleak argi utzi du zein den liburu honen balioa: “Bakarra ez bada, garai hartako merkatariek idatzitako gutunen kopia liburu bakarretakoa da hau”. Urte haien berri ematen duen dokumentu ia bakarra da; dokumentazio gehiena 1813an desagertu baitzen. 1902an jaso zuen dohaintzan museoak. Eduardo Dupoyk, Londres hotelaren jabeak.
Dokumentu hauek, Donostia eta Pasaiako portuek nazioarteko merkataritzan zuten garrantzia berresten dutela dio Aragonek. Europa eta Amerikako herrialdeekin zituzten harremanak islatzen dira bertan. Tasteten idatzietan ikus daiteke merkatariak Kadiz, Bartzelona, Malaga, Genoa, Philadelphia eta Marsellarekin zituen merkataritza sareak. Eta zer salerosten zuen. Donostiara ekartzen zituen balearen gantza, txerri haragia eta hirina, besteak beste. Tokian tokiko merkatariekin zituen harreman pertsonalen berri ere ematen du liburuak, eta baita garaiko testuinguruaren berri ere: “Independentzia gerra, Konbentzio gerra… Garai nahasiak ziren; oso desegonkorrak. Eta jakina, horrek merkataritzan eragin zuzena zuen”
XVIII. mendearen erdialdean, Caracasko Errege Konpainiaren sorrerakin hainbat merkatari etorri zen Donostiara Ipar Euskal Herritik; Antonio Tastet baionarra, tartean. Aragonen ustez, paper garrantzitsua izan zuen Gipuzkoaren garapen ekonomikoan, eta merkatari esanguratsuenetakoa izan zen.
Bi urtean, 1781 eta 1782 urte artean idatzitako gutunak irakur daitezke liburuan. Mila gutun baino gehiago daude guztira. Gutunak itsasoz iristen ziren garai hartan. Merkatariak itsasontziko kapitainari ematen zizkion gutunak, eta hark banatzen zituen. Gutun haiek liburu batean kopiatzen ziren. Ohikoa zen hori egitea, gutun bidez idatzitakoa epaiketa batean erabil zitekeelako. Segurtasun kopia baten modukoa zen merkatarientzat. Tastetek berak edo bere laguntzaileak idazten zituen gutunak.
Aragonek azaldu du merkatariek gauza asko hartu behar zituztela kontuan: “Pentsa, hiru hilabetean iristen ziren gutunak. Epe horretan merkatua asko aldatu zitekeen. Oso interesgarria da gutun hauen jarraipena egitea”. Klimak eragindako arazoak ere kontatzen ditu gutunetan: “Karibe aldeko urakanak, euriteak, ekaitzak… Horietako gutun batean kontatzen du nola saiatzen diren gatz kargamentu bat bidaltzen Dublindik. Eta euriak ez diela uzten. Gatza bakailaoa garraiatzeko behar zuten, eta garrantzitsua zen”.
Gaztelaniaz eta frantsesez idatzita daude gutun gehienak. Ingelesez idatzitako gutunen bat ere badago. Euskaraz ez. Aragon, baina, ziur da Tastet euskalduna zela: “Garai hartan ez zuten euskaraz idazten, baina ahozko komunikaziorako erabiltzen zen. Ahoz egindako tratuak euskaraz egiten zituen, ziur naiz”. Euskarak merkataritza tratuak egiteko abantaila eman ziola azaldu du, munduko hainbat portutan euskaldun kolonia txikiak baitziren.
Museoaren webgunean ikusgai
Joan den urtarrilean pieza digitalizatu egin zuen museoak. Liburu honetako edukia irakurri ahal izango dute bisitariek museoaren webgunean, Santelmomuseoa.com atarian. Bihar, asteartea, Montserrat Garate EHUko Ekonomiaren Historiako katedraduna eta Alvaro Aragon EHUko historia irakaslea San Telmo Museoan izango dira Antonio Tasteren inguruan hitz egiteko. Hitzaldia 19:30ean izango da.