«Popotxo errepikaezina zen eta ni ere nahiko errepikaezina naiz»
Orquesta Mondragon musika talde arrakastatsuaren 50. urteurreneko Donostiako kontzertuaren biharamunean harrapatu du IRUTXULOKO HITZAk Javier Gurrutxaga (Erdialdea, 1958), emanaldiarengatik apur bat nekatuta, baina beti bezain bizi. Musikaria, abeslaria, aktorea, aurkezlea... 'showman' bat izan da beti Gurrutxaga, «'entertainer'» bat, bere hitzetan, eta hala izaten jarraitzen du. Ospatzen ari den mende erdi honetan barrena egindako bidaia da elkarrizketa hau.
Javier Gurrutxaga musikaria Amara Berrin, elkarrizketaren aurretik.Joseba Parron San Sebastian Orquesta Mondragonen 50. urteurreneko kontzertua eman berri duzu Donostian, hilaren 7an. Zer moduz egon zen festa handi hori?
Oso urduri nengoen, ardura handi bat delako Donostian jotzea, gu geu hemen jaio ginelako eta hemen jaio zelako Orquesta Mondragonen esperientzia bera ere: 1976an jaio zen taldea eta ni hemezortzi urte lehenago jaio nintzen, San Bartolome kalean.
Garrantzitsua zen ondo egitea, ondo ospatzea, betiko jende asko zegoelako, baina baita jende berria ere. Batzuek gu lehenengo aldiz ikusteko kuriositatea zuten eta beste batzuek, aldiz, bere garaian bizitakoak gogoratzeko gogoa zuten, atzekoz aurrera joan zen talde bat izan baitzen gurea, oso bihurria. Horrela, Viktoria Eugenia antzokiko kontzertuan dena eman genuen eta oso pozik atera ginen, dena oso ondo atera zelako.
Etxera itzultzea izan zen?
Etxera itzultzea izan zen, bai. Hain zuzen ere, Polloeko hilerritik etorri berri naiz, gurasoak bisitatzen egon bainaiz, han lurperatuta daudelako. Lehen, bisitak gurasoen etxera egiten nituen, baina horrelakoa da bizitza. Orain, gutxiago etortzen naiz Donostiara, baina halako kontzertu bat emateko itzultzea ederra da.

Orquesta Mondragonen 50. urteurreneko Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko kontzertuaren amaiera.Jokin Fernandez
Donostiatik kanpo bizita, nola ikusten duzu hiria etortzen zarenean?
Aire zabalean disfrutatu behar den hiri bat da, argi berezi bat duen hiria delako. Horregatik, barkatuko didazue, baina nire iritzia emango dut, ez oso positiboa, egiten ari diren metroaren inguruan. Metroa hiri hau den horren antitesia da. Hiri txiki hau ikusteko eta disfrutatzeko da, pastel frantses txiki zoragarri bat bezalakoa da, eta ez dut ulertzen nola egin dezaketen metroaren moduko zerbait, arreta ematen dit, diru hori gauza beharrezkoagoetan inbertitu zezaketen. Hiri hau ezin da lur azpitik zeharkatu, modu aspergarrian; hiri hau ikusi egin behar da, historia asko duen hiria da.
Kontzertura itzulita, ederra izan zen Pedro Aiestaran ‘Popotxo’-ri egin zenioten omenaldia.
Pertsona ezinbestekoa izan da Popotxo nire ibilbidean. 1970eko hamarkadan ezagutu genuen elkar, nik 14 urte nituen eta berak 21, eta talde hau izan zitekeena zirriborratzen hasi ginen, Cheli Lanzagortarekin eta beste kide batzuekin batera. Horregatik, hunkigarria izan zen garai hartako hainbat gonbidatu eduki izana oholtza gainean, baina bereziki hunkigarria izan zen Popotxoren omenaldia. 2020an hil zen, eta, nola ez, denbora eskaini nahi izan genion gogoratzeari Popotxo izan zen figura ezinbesteko hori, gure Buster Keaton edo Marx anaietako Harpo hori. Oso dibertigarria zen Popotxo, eta berarekin eraiki genuen zuzenekoetan jotzen ari garen errepertorio hori guztia.

Orquesta Mondragonen sorrerako hainbat musikarik hartu zuten parte Donostiako kontzertuan, hala nola Cheli Lanzagortak.Jokin Fernandez

Orquesta Mondragonen sorrerako hainbat musikarik hartu zuten parte Donostiako kontzertuan, hala nola Jaime Stinusek.Jokin Fernandez

Orquesta Mondragonen sorrerako hainbat musikarik hartu zuten parte Donostiako kontzertuan, hala nola Jose Maria Insaustik.Jokin Fernandez
Hasieratik konektatu zenuten Popotxok eta zuk?
Bai Popotxo eta bai Cheli asko markatu ninduten bi lagun izan ziren, bereziki, musikari dagokionez, asko gerturatu nindutelako jazzera eta rockera. Izan ere, familia oso apal batetik nentorren, eta, garai hartan, ezin nuen disko jogailu merke bat ere erosi. Garai hartan, disko jogailu bat eta diskoak zituzten lagunen etxean entzuten zen musika, eta gu Aiestaran familiaren etxean elkartzen ginen horretarako; asko ikasi nuen garai hartan.
Gainera, Jazzaldiaren moduko jaialdi ezinbesteko bat edukitzeko zortea dugu donostiarrok, eta horri esker ere asko ikasi nuen garai hartan, aukera eduki genuelako zuzenean ikusteko Duke Ellingtonen eta Count Basieren orkestretako musikariak, Ella Fitzgerald, Sara Vaughan, Dizzie Gillespie… Magia hori du hiri honek, eta txikitatik ari bazara halako musikariak zuzenean ikusten, normala da azkenean zure taldea edo orkestra sortzea; gure kasuan, blues eta rhythm & blues estilokoa izan zen. Eta, horregatik, baita ere, saxofoia jotzen ikasi nuen, nahiz eta nire amak, Antonia Iriartek, Oñatiko txistulari batzuen alaba zenak, nik txistua edo akordeoia ikastea nahi zuen. Ama oso nazionalista zen, eta euskal abesti tradizionalak jotzea nahi zuen, baina, azkenean, saxofoira jo nuen. Kontserbatorioan lau urte pasatu nituen eta soldaduska kuarteleko musika bandan egin nuen, zorionez, horrela ez bainuen guardiarik egin behar izan.
«Gurasoek hitz egiten zuten euskaraz, baina nik ikasi nuen ikastetxeetan isiltasuna edo ‘Cara al sol’-a indartzen ziren»
Nolakoa zen Donostia 1970eko hamarkadaren amaieran, kulturalki?
Gu hasi ginenean, 1976aren inguruan, euskal kantautoreak ziren nagusi, eta rock taldeak sortzen hasiak ziren, hala nola Brakaman. Gero eta rock gehiago zegoen, baina 1980ko olatu berrira arte ez zen indartu hori guztia. Guk jarraitu genuen gurea egiten, gure musika, rocka nagusiki, antzerkiarekin eta kabaretarekin uztartzen.
Beti eduki duzu musika eta antzerkia nahasteko ohitura hori, baita ‘showman’ izaera ere.
Txikitan, saxofoiarekin hasi aurretik, antzerkian aritu nintzen Parte Zaharreko Los Angeles ikastetxean, adibidez. Beti gustatu izan zait aktore alderdia musikari eta abeslari alderdiarekin konbinatzea, eta horrenbeste tekla ukitu izanak ahalbidetu du Orquesta Mondragonek horrenbeste urte iraun izana. Hain zuzen ere, aktore gisa ere asko egin dut lan, hainbat antzezlanetan eta 30 filmetan baino gehiagotan, tartean, kritika onak eduki zituzten El rey pasmado (Imanol Uribe, 1991), Tirano Banderas (Jose Luis Garcia Sanchez, 1993), Paris Tumbuctú (Luis Garcia Berlanga, 1999) eta Si dicen que caí (Vicente Aranda, 1989).
Orquesta Mondragonen proposamena iraultzailea zen 1970eko hamarkadan.
Popatik bidaltzeko keinu handi bat: halako zerbait egiten genuen guk, bai. Popotxok eta biok egiten genituen esketxak eta abar: imitazioak, panpina puzgarriak… burugabekeria handi bat zen dena. Eta Popotxok hitz egin gabe egiten zuen hori guztia; mutua zela esaten genuen.
Egungo Donostian sortu liteke halako talde bat?
Ez dut ikusten antzeko ezer dagoenik. Beste talde eta proposamen interesgarri asko daude, hori bai. Baina Popotxo errepikaezina zen eta ni ere nahiko errepikaezina naiz, onerako edo txarrerako. Nahiko lotsagabea izan naiz beti, nahiz eta lotsa handi bat ezkutatzen nuen nire barnean; Orquesta Mondragon erabiltzen nuen maskara gisa, gauzak salatzeko, parodiatzeko eta erridikulizatzeko. Entertainer bat izan naiz, beti atzekoz aurrera jokatu duena.
«Metroa hiri hau den horren antitesia da. Ikusteko eta disfrutatzeko da, pastel frantses txiki zoragarri bat bezalakoa da»
Nola gogoratzen duzu 1976ko ekainaren 30eko Los Angeles ikastetxeko lehenengo kontzertu hura?
Pintura erakusketa bat izango zela esan nien ikastetxekoei, musika pixka bat edukiko zuena. Baina alderantziz izan zen: musika izan zen nagusi, sekulako bolumen altuarekin, eta Popotxo koadro gutxi batzuekin atera zen une batean. Sekulako errieta egin ziguten, baina dagoeneko egina genuen gure estreinaldia.
Oilo txitak bizirik eramaten omen zenituzten lehenengo kontzertu haietara.
Bretxan erosten nituen, bai, hainbat kolorez margotutako txitak saltzen baitzituzten orduan. Ikuskizuna are surrealistagoa izateko modu bat zen. Lou Reeden Rock ‘n’ Roll Animal-en bertsioa egiten genuenean banatzen nituen txitak jendearen artean, Popotxoren laguntzarekin. Zirku handi bat zen guztia.

Popotxo (erdian, loreekin) eta Gurrutxaga (eskuinean), 1979an, Viktoria Eugenia antzokiko sarreran.Zinemaldiaren artxiboa
Zergatik erabaki zenuten Madrilera saltoa ematea?
Ibilbidea garatu nahi bazenuen, Madrilera joan behar zinen, dena oso zentralizatuta zegoelako han. Teatro de la Comedia antzokira joan ginen lehenengo, han hainbat ekoizleren arreta bereganatu genuen eta, azkenean, EMI izan zen disko bat grabatzeko aukera planteatu ziguna. 1979an izan zen hori, eta Muñeca hinchable argitaratu genuen, Ivan Zuluetak egindako azalarekin.
Hori izan zen gure debuta, eta hortik aurrera, gero eta ezagunagoak egiten hasi ginen. Bira bat egin genuen orduan Espainiako Estatu osotik, eta oso harrera ona eduki genuen leku guztietan. Hurrengo diskoa, Bon Voyage, 1979an eta 1980an izan genituen auto istripu batzuen esperientzia traumatikoen ondoren egin genuen, eta disko horrek harrera are hobea eduki zuen.
Istorio bereziak kontatzen dituzte zuen abestietako askok. Nolakoa zen sortze prozesua?
Lehenengo urteetan, bertsio asko egiten genituen, gure ingeles makarronikoarekin. Baina, gero, letra propioekin, gure abestiei forma ematen hasi ginen, umore beltzarekin, kasu askotan. Hainbatetan, gainera, autore handiek idatzi zizkiguten letrak: Eduardo Haro Ibarsek, Luis Alberto de Cuencak, Joaquin Sabinak, Moncho Alpuentek, Manolo Tenak eta abar. Bernardo Atxagarekin ere pare bat abesti egin genituen, Akelarre eta Memorias de una vaca, baina egia da gazteleraz abesten genuela, nagusiki.
Gustatuko litzaidake gaztetan euskara ikasi izana, baina ez nuen aukera eduki; ikastola gutxi batzuk baino ez zeuden garai hartan, eta nik baino baliabide gehiago zituztenak joaten ziren. Nire gurasoek hitz egiten zuten euskaraz, baina nik ikasketak egin nituen ikastetxeetan isiltasuna edo Cara al sol-a zen indartzen zena. Ideia eta burutazio umoristiko eta musikalak komunikatzeko beharra genuen, eta gaztelania aukeratu genuen horretarako tresna gisa, hori zelako eskura genuena; beste egoera batean, euskara izan zitekeen tresna hori.
Kontuan izan behar da Franco hil berritan jaio zela gure taldea. Orain, zorionez, gazteek erraztasun askoz handiagoak dituzte euskara ikasteko. Gure garaian, oso zaila zen ikastea, eta gaizki ikusita zegoen.
Abesti bat badaukazu euskaraz: ‘Ni hooligan’.
Lagun batek lagundu zidan abesti horrekin, ondo ahoskatzeko.

Musikari apartez inguratu zen Javier Gurrutxaga Orquesta Mondragonen 50. urteurreneko Viktoria Eugeniako kontzertuan; besteak beste, Luis Maria Moreno ‘Pirata’ ezagunak jo zuen berarekin.Jokin Fernandez
Gurasoak aipatu dituzu, eta, hain zuzen ere, kontatu izan duzu frankismoak jazarri zituela.
Aita euskal sozialista zen eta ama EAJkoa, bai. Eta aitona, Demetrio Iriarte, txistularia zena, Ondarretako espetxean sartu zuten frankistek. Bando galtzailekoak ziren eta zigortuak izan ziren; zuten estatus sozial guztia galdu zuten, besteak beste. Hori da gerra zibil bat bizi izanaren zorigaiztoko ondorioa.
Zure ibilbidera bueltatuta, gelditu gabe ibili zineten 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Denok gogoratzen ditugun moduan: oso urte biziak izan ziren. Sozialki, tentsio handia zegoen, eta, agian, jendea gu ikustera etortzen zen tarte batez hori guztia ahazteko, lasaitzeko eta erlaxatzeko. Gure ikuskizuna ikusten zuten eta dibertitu egiten ziren gure puzkerrekin, panpina puzgarriekin eta abestiekin. Beharrezkoa zen, lasaigarri bat ginen.
Telebistan ere ibilbide oparoa egin zenuen garai hartan.
Irekitzen ari zen mundu bat zen telebista, eta La bola de cristal saioa izan zen lehenengo esperientzia: bost saio egiteko deitu ninduten, eta, azkenean, ehundik gora egin nituen. Horren ondoren, Pilar Mirok Viaje con nosotros gaueko saioa egiteko proposamena egin zidan, eta gero etorri ziren El huevo de Colón eta beste batzuk. Ikasgela handi bat izan zen telebista niretzat, aktore gisa egin nuen ibilbidearentzako.
Lehen aipatu duzun moduan, zineman ere ibilbide oparoa egin duzu aktore gisa, baina ez soilik. Hain zuzen ere, Donostiako Beldurrezko Asteko karteleko protagonistak izan zineten Popotxo eta zu, 2013an.
Ederra izan zen esperientzia hori. Beldurrezko zinemaren eta zinema mutuaren erreferente Lon Chaney aktorea omendu genuen, Garras humanas filmeko [The Unknown (Tod Browning, 1927) da jatorrizko izenburua] fotograma batean oinarrituta. Izen bereko abesti bat ere egin genuen, hori ere film horretan oinarrituta.

Ileordea jantzi zuen Javier Gurrutxagak Orquesta Mondragonen 50. urteurreneko Viktoria Eugeniako kontzertuan, ‘Ponte peluca’ abesteko.Jokin Fernandez
Telebistara itzulita, saio berezia zen ‘Viaje con nosotros’. Egungo estilora ekarritako antzeko zerbait egiteko aukera legoke orain?
Zaila da. AEBetan, zentzu horretan aurreratuagoak bazeuden ere, zentsura arazoak edukitzen ari dira, ordena faxistoide berri honetan asko erreparatzen baitiote horri guztiari. Atzerapausoak ematen ari gara zentsurari dagokionez, eta, horregatik, zaila da proposamen berritzaileak aurkitzea. Hau da Trump aroa.
Askotan kritikatu izan dituzu Trump eta, oro har, eskuin muturra.
Eskuin muturra eta ez horren muturra. Beti egon naiz ideia aurrerakoien, bakearen, tolerantziaren eta askatasunaren alde, askatasuna hitza edozein modutan ez erabiltzearen alde. Hor egon naiz beti, baina ez dut behar baino gehiago adierazi nahi izan ere, batzuetan, nahi gabe, behar baino etsai gehiago sortzen dituzulako. Bokazio transgresorea eduki dut beti, baina baita entretenitzekoa eta ahalik eta jende gehienarengana iristekoa ere, hori baita abestera, antzeztera eta entretenitzera dedikatzen den edonoren desioa.
«Beti egon naiz ideia aurrerakoien, bakearen eta askatasunaren alde, ‘askatasuna’ hitza edozein modutan ez erabiltzearen alde»
50 urteko ibilbidea eginda, zer esango zenioke 1976ko Javier Gurrutxagari?
Ilusioa eta lan egiteko gogoa ez galtzeko, besterik gabe. Hain zuzen ere, 50 bat kontzertuko bira egiten ari gara aurten, urteurrena ospatzeko, abesti zahar eta berriak gogoratzeko eta sentitzeko, jendea dibertitzeko eta Donostian jaio zen talde hau gogoratzeko.
Urteurreneko biran murgilduta zaude orain, baina baduzu etorkizunerako bestelako proiekturik esku artean?
Hurrengo urtean ere kontzertuak ematen jarraitu nahi dut, eta antzezlan batean ere parte hartu nahi dut. Eta, segur aski, urte amaieran, The Beatlesi buruzko Lennon no estuvo aquí filmean parte hartuko dut, The Beatlesen inguruko guztiaren fetitxista handi bat bainaiz. Baina izango duzue honen guztiaren berri, dagokionean.



