Orquesta Mondragonen 50. urteurrena: festa handi bat
50 urte bete ditu Javier Gurrutxaga donostiarraren Orquesta Mondragon taldeak, eta ospakizun kontzertu aparta eskaini zuen ostegunean Viktoria Eugenia antzokian, tarta eta guzti.
Javier Gurrutxaga, Orquesta Mondragonekin Viktoria Eugenia antzokian emandako kontzertuko une batean.Beñat Parra Ez da gauza makala eszenatoki batetik bestera 50 urte pasatzea, eta horixe bera ospatzen ari da aurten Javier Gurrutxaga abeslari donostiarra, bere Orquesta Mondragon talde historikoarekin. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egin zuen geldialdia atzo (hilak 7) ospakizun birak; La gran fiesta izena jarri dio Gurrutxagak urteurreneko ikuskizunari, eta horixe izan zen atzokoa, festa handi bat.
The Blues Brothersen kontzertu bat izango balitz bezala, musikariek —tartean, Luis Mari Moreno Pirata ezagunak— I Can’t Turn You Loose instrumentala jotzen zuten bitartean sartu zen Gurrutxaga, elegante bezain deigarri jantzita, antzokiaren atzealdetik, ikusleen artetik. Rock-and-rolla eta bluesa izan ziren nagusi hortik aurrera, baita Gurrutxagaren ohiko umore ona ere.
70 urteetatik gertu, forma bikainean dagoela erakutsi zuen Gurrutxagak, tarteka abesti batzuen letrekin apur bat nahastu bazen ere. Bata bestearen atzetik jo zituen klasiko guztiak, ia gelditu gabe, bere ohiko orroekin: Tic tac, Corazón de neón, Garras humanas, Caperucita feroz, Ellos las prefieren gordas, Ponte la peluca, Viaje con nosotros, Pon un muerto en tu motor eta beste hainbat eta hainbat, tartean Gurrutxagak horren gustuko dituen bertsioak, hala nola John Lennonen Imagine. Viktoria Eugenia antzokia goraino bete zuten zale guztien gozamenerako, noski; antzokia zutik eta dantzan jarri zuen behin baino gehiagotan taldeak.

Javier Gurrutxaga, Orquesta Mondragonekin Viktoria Eugenia antzokian emandako kontzertuko une batean.Beñat Parra
1976an Parte Zaharreko Los Angeles ikastetxean emandako lehenengo kontzertu hartatik atzo Viktoria Eugenian emandakora 50 urte pasatu dira, eta, noski, Donostian egonik, lehenengo urte haietan eta ondoregoetan taldean egondakoak omentzeko eguna zen atzokoa. Eszenatokitik pasatu ziren, hain zuzen ere, Cheli Lanzagorta —Bon Voyage-ren interpretazio ederra egin zuten Gurrutxagak eta berak—, Jaime Stinus, Jose Maria Insausti eta Michelle McCain.
Eta, noski, 2020an zendutako Pedro Aiestaran Popotxo ere omendu zuten, emanaldian tarte hunkigarri bat eskainiz, Orquesta Mondragonen arrakasta eta ibilbide luze eta oparoa ezin baitira bera gabe ulertu. Garai hartako antzerkitxo horietakorik ez zuen egin Gurrutxagak, baina ahal izan zuen bakoitzean ikusleak zirikatu zituen, noski, bestela ez litzateke Gurrutxaga izango. Eta, noski, festa on bat izateko ezin zen tarta faltatu; ezta tartakadarik ere, eta Gurrutxagak berak eman zion bere buruari tartakada, ikuskizuna borobiltzeko.
Orquesta Mondragon taldea iraultza bat izan zen 1970eko hamarkadako Donostia hartan, baita ondoren Espainiako Estatu osoan eta beste hainbat herrialdetan ere: Gurrutxagaren eta Popotxoren show bitxiak, taldearen maila musikal bikaina, abestien letra landuak… koktel ezin hobea zen. Taldea aldatu da eta Popotxo dagoeneko ez dago, baina Gurrutxaga errepikaezina eta nekaezina da, eta eszenatoki baten gainean jarraitzen duen bitartean, Orquesta Mondragonen iraultzak bizirik jarraituko du. Gora Mondra!


