Aparteko ordainsariaz hitz egingo du Bilduk udal talde eta langileekin
Udaletxean protesta egin dute funtzionarioek ‘Iruzurrik ez!’ lelopean, ELAk deituta
Zalapartaz hartu zuten atzo udal gobernuaren ataria hainbat langilek. Deialdia ELAk egin bazuen ere, protestara CCOO ere gehitu zen, eta Iruzurrik ez! lelopean, Gabonetako aparteko ordainsariaren inguruan udal gobernuak hartutako neurriaren kontra protesta egin zuten. Honen harira, udal gobernuak bilerak egingo ditu aste honetan gatazka konpontzeko asmoz.
Espainiako Gobernuak dekretuz funtzionarioen Gabonetako aparteko ordainsaria kendu zuen, eta hori bera kobratu ahal izan dezaten, Bilduk hurrengo urteko ordainsariak aurreratzeko formula azaldu zuen aurreko astean. ELA eta CCOO ez datoz udal gobernuak aurkeztutako proposamenarekin bat, eta horregatik egin zuten protesta.
Goizeko 11:00etan, udaletxeko lehen solairuan bildu ziren, txistu, sirena eta abarrekin protesta egiten. Gainera, kanpin denda jarri zuten udal gobernuaren bulegoen aurrean. Uneoro udaltzaingoaren presentzia izan zuten, nahiz ez zen istilurik izan. Ondoren, gainontzeko udal taldeen bulegoetara inguratu ziren protestarekin jarraitzeko.
Lasaitasun mezua
Langileen protesta guztiz zilegia dela adierazi zuen Juan Karlos Izagirre alkateak, eta gainontzeko langileei lan egiten utzi bitartean ez zuela arazorik ikusten. Eragile guztiekin bilera deituta dutela esan zuen, zehazki, aparteko ordainsariaren inguruan aritzeko; «espero dut, bileran gauzak argitu ahal izatea», esan zuen. Hala nola, gaur 11:00etan aurreikusita dago Bildu gainontzeko talde politikoekin biltzea; bihar, berriz, sindikatuekin egingo du bilera.
Hartutako neurrien inguruan, alkateak adierazi zuen helburua langileek murrizketa ahalik eta gutxien nabaritzea dela; «lasaitasun mezu bat bidali nahi dut, ez baitute aldaketarik nabarituko», esan zuen Izagirrek.
Uztailekoa, urtarrilean
Hau guztia, Gabonetako ordainsaria ezabatzen duen Espainiako Gobernuak ezarritako dekretua dela eta sortutako eztabaida izan da. Izan ere, dekretuari aurre egiteko formula azaldu zuen ostiralean udal gobernuak. Zehazki, funtzionarioek Gabonetako aparteko ordainsaria, urtarrilaren 2an kobratuko dute, hurrengo urteko uztailekoa aurreratuz. Formula hau 2014 arte mantenduko litzateke.
Udal gobernuak espero du, 2014ko gabonetarako, hiru ordainsari emateko ahalmena izatea, honela galerarik ez izateko.
ELAko ordezkari Ekaitz Oiangurenek, protestaren arrazoia, hilabete luzeetan negoziaketarik egin nahi ez eta azken batean «Raxoiren dekretua» aplikatuko dutelako egiten dutela adierazi zuen. Udal gobernuak egindako proposamenarekin ez datozela bat esan zuen; «egin duten proposamena iruzur hutsa da», adierazi zuen. Gaineratu zuen, beste politika batzuk aplikatzeko moduak badaudela. Bestalde, Bilduren proposamena ez dela 2013ko ordainsariak aurreratzea besterik, eta horrek ez diela langileei segurtasunik ematen adierazi zuen, ez baitakite 2013an zer pasatuko den; «nork daki hurrengo urtean zer pasako den», azaldu zuen. Beraz, Gabonetako ordainsaria 2012an ordaintzea eskatzen dute.
Alkateak gaineratu zuen foro bat martxan dagoela gaiaren inguruan lanean eta eztabaidan. Azaldu zuen, zehazki, Giza Baliabideak ari dela gaia lantzen; «hau lantzen ari da eta epe laburrean zerbait jakingo dute, udal gobernuaren proposamenari buruz», azaldu zuen.


