Donostian auzo konpostajea egiteko aukera izango da hamar gunetan
Ekimena 160 familiarentzat aurreikusi dute, eta parte hartzeko izen ematea irekita dago
Donostiako hamar gunetan auzo konpostajea egiteko aukera aurkeztu zuten atzo. Ingurumen zinegotzi Axier Jakak azaldu zuenez, helburua hondakinen prebentzioa sustatzea eta bizilagunek sortutako hondakin organikoak ongarri bilakatzea izango da.
Lehen guneak Aiete, Añorga, Antigua eta Igeldo izango dira; eta, horretarako, bilera informatiboak egingo dituzte auzokideekin aste honetan. Lau konpostaje gune hauek, eta baita Zubietakoa ere, urtea amaitu aurretik jarri nahi dituzte abian. Helburua, ordea, guztira hamar gune ezartzea da. Gune horiek Martutene, Egia, Igeldo, Zubieta, Antigua, Añorga Txiki, Loiolako Erribera, Aiete, Gros eta Amara izatea dago aurreikusita.
Ikastaro eta materialak
Orotara, 160 familiaren materia organikoa biltzea da helburua eta parte hartu nahi dutenentzat izen ematea ireki dute. Honela, parte hartzen duten familiei ikastaro labur bat eskainiko zaie eta etxean materia organikoa bereizteko eta konpostatzeko behar den materiala banatuko zaiela adierazi zuen Jakak.
Izena emateko epea abenduaren 5a arte egongo da irekita, eta jasotzen diren eskaerak baliabideak baina gehiago badira, izen emate dataren arabera aukeratuko dira.
Izen ematea, ingurunea@donostia.org helbidera idatzita, Mandasko Dukearen Jauregian, edota 943483390 telefonoan egin daiteke.


