Bisitariak, euskal prentsa biltzen duen kioskoari begira. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
San Telmo Museoan dago ikusgai
Badu Bada erakusketa ostiralaz geroztik. Hamar gunetan banatua dago, baina milaka dira biltzen dituen mezuak, sentipenak, datuak, bitxikeriak. Denboraz ikusi eta sentitu beharreko erakusketa da, korridoreetan barrena antolatua badago ere, hizkuntza bera bezala, mugaezina baita igorri nahi duen mezua.
Hamar gune, hamar mezu
Euskarak bizirik iraungo du hiztunik badu, ikasia bada, maitalerik badu, irakatsia bada. Hizkuntza bizirik da ukitzen bada, aitormenik badu, mugitzen bada, komunikabiderik badu.
Pisu izugarria duten mezu txiki ugari jasotzen dira ibilbidean zehar; euskarak munduan duen lekua azter daiteke begirada ezberdinetatik.
Irutxuloko Hitza ere erakusketako kioskoan izango da egunero. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Esparru zabala lantzen du euskararen erakusketak, baina ez da erakusketa itxia. Zazpi, zortzi eta bederatzigarren guneetan bisitariak bere ekarpena uzteko aukera dauka, adibidez.
Kioskoa
Erakusketaren zazpigarren gunea plaza txiki baten modukoa da. Eluska Ugalde, San Telmo Museoko komunikazio arduradunaren esanetan, «eguneroko bizitzan euskara hutsean aurki ditzazkegun hainbat produktu bildu ditugu gune honetan».
Euskal Herrian ekoitzitako produktuak, bide-seinaleak, iragarki taulak eta kiosko bat ere badago euskararen txoko honetan. Kioskoan euskaraz idatzitako prentsa aurki daiteke. Bertan izango da egunero, Irutxuloko Hitza ere, noski.
Bisitari bat euskararen inguruko mezuak irakurtzen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Herri aldizkariak, astekariak, Berria, eskualde ezberdinetako Hitzak, aldizkari espezializatuak, denetarik ikusi eta irakurri daiteke Badu Bada erakusketako kioskoan. Gainera, kioskoa ahalik eta eguneratuena edukitzen saiatuko dira.
Badubadatzen
Badu Bada erakusketa otsailaren 17a arte egongo da ikusgai, eta bitartean beste hainbat ekimen ere antolatuko dira erakusketaren haritik. Badubadatzen deituriko jardunaldietan, azoka, pertsona ezagunek lagunduriko bisita gidatuak, tailerrak, txotxongiloak, hitzaldiak etab egingo dira.