Ez zen Caracasko Errege Konpainiarena
Orain jakin dute San Telmo Museoan dagoen XVIII. mendeko itsas salerosketei buruzko liburua Antonio Tastet merkatari baionarrak idatzi zuela
XVIII. mendeko dokumentu bat albiste bihurtu berri da San Telmo Museoan. Donostiak eta itsas merkataritzak garai hartan zuen garrantzia islatzen duen pieza da protagonista. Itsas salerosketen berri ematen duten gutunak biltzen dituen kopia liburu bat da.
Liburua, Caracasko Errege Konpainiarena zela uste zen, baina Montserrat Garate katedradunaren ikerketa lanei esker, jakin dute merkatari baionar batenak direla. Antonio Tastetenak hain zuzen ere.
Piezari buruzko datu berriak, ordea, ez ziren berritu museoa berriz inauguratu zenean. Orain, kopia liburua San Telmoko erakusketa iraunkorrean dago ikusgai, Memoriaren aztarnak atalean. Alvaro Aragon EHUko irakasleak eman zuen akatsaren berri.
Dokumentu ia bakarra
Aragonen esanetan,urte haien berri ematen duen dokumentu ia bakarra da; dokumentazio gehiena 1813an desagertu baitzen. Liburu hau, 1902an jaso zuen dohaintzan museoak. Eduardo Dupoyk, Londres hotelaren jabeak eman zuen.
Dokumentu hauek, Donostia eta Pasaiako portuek nazioarteko merkataritzan zuten garrantzia berresten dutela dio Aragonek. Europa eta Amerikako herrialdeekin zituzten harremanak islatzen dira bertan. Tasteten idatzietan ikus daiteke merkatariak Kadiz, Bartzelona, Malaga, Genoa, Philadelphia eta Marsellarekin zituen merkataritza sareak. Eta zer salerosten zuen.
Mila gutun bi urtean
Bi urtean, 1781 eta 1782 urte artean idatzitako gutunak irakur daitezke liburuan. Mila gutun baino gehiago daude. Garai hartan, merkatariak itsasontziko kapitainari ematen zizkion gutunak, eta hark banatzen zituen. Ondoren, gutun haiek liburu batean kopiatzen ziren. Ohikoa zen hori egitea, gutun bidez idatzitakoa epaiketa batean erabil zitekeelako besteak beste.
Izan ere, honelako kopia liburuak, segurtasun kopia baten modukoak ziren merkatarientzat. Tastetek berak edo bere laguntzaileak idazten zituen gutunak.
Aragonek azaldu zuen merkatariek gauza asko hartu behar zituztela kontuan: «Pentsa, hiru hilabetean iristen ziren gutunak. Epe horretan merkatua asko aldatu zitekeen».
Klimak eragindako arazoak ere kontatzen ditu gutunetan: «Karibe aldeko urakanak, euriteak, ekaitzak… Horietako gutun batean kontatzen du nola saiatzen diren gatz kargamentu bat bidaltzen Dublindik eta euriak ez diela uzten. Gatza bakailaoa garraiatzeko behar zuten, eta garrantzitsua zen».
Gaztelaniaz eta frantsesez idatzita daude gutun gehienak. Ingelesez idatzitako gutunen bat ere badago. Euskaraz ez. Aragon, baina, ziur da Tastet euskalduna zela: «Garai hartan ez zuten euskaraz idazten, baina ahozko komunikaziorako erabiltzen zen. Ahoz egindako tratuak euskaraz egiten zituen, ziur naiz». Euskarak merkataritza tratuak egiteko abantaila eman ziola azaldu du, munduko hainbat portutan euskaldun kolonia txikiak baitziren.


