Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Dominetarako hautagaiak aurkezteko epea zabaldu dute
Udalak epea ireki du herritarrek zein elkarteek, Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Dominetarako hautagaiak aurkeztu ditzaten. Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 5era arte egongo da zabalik. Juan Karlos Izagirre alkateak eskutitz bat bidali die erroldan izena emanda daukaten elkarte guztiei, hala nola, Auzoak eta Herriak Donostia indartzen dute ekimenean parte hartu zuten herritar guztiei, hiriari izaera bereziko zerbitzua eskaini dioten pertsonen edo entitateen hautagaitzak aurkeztu ditzaten eskatuz: “Udal politikan partaidetza prozesuak bultzatzeko alkatetzak hartu duen konpromisoarekin bat, bi izendapenetarako hautagaiak proposatzeko prozesua zabaldu nahi dugu”.
Hautagaitzak aurkeztu nahi dutenek eskabide bat bete beharko dute, proposatzen duten hautagaia zein den zehaztuz, zein saritarako proposatzen duten, eta hiriari izaera berebiziko zer nolako zerbitzua eman dieten. Eskabideak Udaleko zerbitzu hauetara zuzendu behar dira: Udala, Goikoa Jauregia, Morlans, Altzako Negoziatua, Herri Partaidetzako Departamendua, hala nola, kultur etxeak.