Zozketak izendatu ditu Santo Tomas eguneko 50 postuak
Txistorra saltzeko, ikastetxeek 106 eskari egin dituzte; aurten, 80 izan dira postua nahi zuten elkarteak
Urtero bezala, Santo Tomaseko postuen zozketa egin zuten atzo, udaletxeko udalbatzar aretoan. Aretoa ikastetxe, unibertsitate eta elkarteetako kideez betetzen da, postua lortuko ote duten eta non tokatuko ote zaien esperoan.
Ikastetxe bakoitzak postu bat du ziurtatuta, baina askok postu bat baina gehiago eskatzen dute, eta hor komeriak. Aretoa gainezka zegoen, izan ere, 37 ikastetxek 106 postu eskari egin zituzten; bestalde, 80 elkartek postu bana eskatu zuten. Guztira, 50 leku zozketatzen dira, ordea.
Batzuk lasai zeuden hasieratik, izan ere, postu bakarra eskatu zuten ikastetxeek ziurtatuta baizuten gunea. Eskari bat baino gehiago egin zutenak, ordea, ez zeuden hain lasai, horiei ere, bakarra egokitzen baitzaie.
Gauzak honela, lehen araua argi utzi zuen Donostiako Festakeko zuzendari Maria Jesus Torresek: ikastetxe edo elkartearen izena esan eta ordezkaririk ez balego, zuzenean kanporatuta geratuko litzateke. Hala, lehen izenak esaten zihoala, batzuek baina gehiago pozten zen izendapenak erantzunik gabe geratzean.
Konstituzio plazaren bila
Behin postuak ziurtatuta, batere gabe geratu direnek alde egin zuten aretotik, eta zozketaren bigarren zatia hasi zen. Ez baita nahikoa, postua lortuta izatea; kokalekua jartzen da jokoan bigarren zatian.
Torresek azaldu zuenez, Konstituzio plazan 14, Gipuzkoa plazan 14, Sarriegi plazan 8, Okendo plazan 5, Bulebarrean 5 eta San Juan kalean 4 postu kokatuko dira aurten. Urduri zeuden asko, ea Konstituzio plaza tokatzen zitzaien. Jende gehien eta lan gehien egiten den gunea dela hori zioten bertaratuek, eta nabari zen asko atzetik zebiltzala.
Aritz Araneta Herri Ametsa Ikastolako ordezkari gisa inguratu zen zozketara. Anaia du bertan ikasten eta haren ordez joan zen. Eskari bakarra egina zuten. Beraz, urduritasun gehiegirik ez zuten izan zozketan; bai, ordea, kokalekuari dagokionez. «Sarriegi plazan tokatu zaigu, eta ez da hainbeste saltzen», dio.
Deustuko enpresaritzako ikasle Jon Badiola pozik azaldu zen, bestalde. Batetik postua tokatu zitzaielako eta, bestetik, Konstituzio plazan egokitu zitzaielako. Gogoratu zuen lizeoarekin postuan lan egindako urte hura, baina onartu zuen hartan irakasleek egiten zituztela txistorrak, eta aurten ezberdina izango delakoan dago; «animatuta eta ilusioarekin gaude», esan zuen. Lortutako dirua ikas bidaierako bideratuko dute.
18 elkarterentzat lekua
Ikastetxe batzuk azaldu ez zirenez, elkarteei zegozkien 13 postuak 18 postu bilakatu ziren, haien pozerako.
Pozik zeuden Baloiaren Ametsak elkarteko kideak ere. Ez zen postua tokatzen zitzaien lehen aldia, baina Ruth Posadasentzat lehen zozketa izan zen. Lortzea espero duten dirua, haien elkarteko ekimenak aurrera eramateko behar dutela esan zuen; «Sarriegi plazan tokatu bazaigu ere, gutxienez zerbait tokatu zaigu!», zioen alai.
Zozketan zehar, hainbat elkarteren izenak esaten zituztenean altxa zuen eskua Agustin Rodriguezek. Irutxuloko Hitzari azaldu zion, Altzako bost elkarteren ordezkari moduan joan zela zozketara. Pozik zegoen bost horietatik hiru tokatu zitzaizkielako, baina onartu zuen ere ez zutela espero; «orain jendea bilatzen hasi behar gara! Izan ere, bira iristen gara, baina ea hiru betetzeko adina jende lortzen dugun!», esan zuen. Bulebarrean eta Gipuzkoa plazan tokatu zaizkie postuak.
Ornitzaileentzat ere aukera
Pilar Gaztañaga txartelak banatzen zebilen zozketa amaitu bezain pronto. Azaldu zuen, bera haragi hornitzaile zuzena dela, eta Santo Tomasen egiten duten lana ez dutela negozioagatik egiten, baizik eta enpresaren izena zabaltzeko.
Postu bakoitzean 50-60 kilo txistorra banatzen dituztela dio, eta polita dela eguna, batik bat, gazteenei txistorra egiten laguntzeko, edo dena ondo doala begiratzeko.




