Itsaso Gutierrez: "Kanta guztietan emakumearen begirada dago"
Groseko musikariak disko berria kaleratu du On rock taldearekin, gorrotoak eta kezkak kanporatzeko
Musika munduan gaztetatik murgilduta dago Itsaso Gutierrez (Gros, 1978). Emakumea da eta rock zalea; eta bi adjektibo horiek bere musikaren bidez islatzen ditu. Jauko barik, Keike eta Xarma taldeetan aritu ostean, On taldea sortu du Grosekoak. Gutierrezek berak sortutako rock melodikoa da taldearen oinarria, bereak baitira abestiak, eta bera baita gitarra eta ahotsa jartzen dituena. Ibai Suarez baxu-jotzailearekin eta Denis Alberdi bateriarekin batera abiatu zuen On otsailean, eta taldearen izen bereko lehen diskoa kaleratu dute orain. «Azken urteetan gitarra jotzen bakarrik aritu nintzenez, banituen abesti zahar batzuk nire kutxatxoan gordeta, eta gogoa nuen horiek defendatzeko», azaldu zuen Gutierrezek atzoko aurkezpenean. «On taldeak duen onena da, hiruok sekulako ilusioa eta gogoa dugula».
Azken batean, barruko sentimenduak kanporatu ditu Gutierrezek. «Gogoa nuen kantak nik neuk egin eta defendatzeko, rockean oinarrituta. Eta emakumearen inguruko kezketaz aritu nahi nuen. Jauko Bariken nire oso barneko hitzak egin nituen, baina gogoa nuen jendeari adierazteko emakumeon kezkak, amorruak haserreak, bidegabekeriak… Kanta guztietan emakumearen begirada dago». Azken batean, emakumeak rockaren munduan oso poliki sartzen ari direla uste du Gutierrezek, eta Euskal Herrian emakumeentzat rock mundua zaila dela. Hala, askok eremu guztietan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzen ari dela dioten arren, bere ustez, rockaren munduan duela 17 urte baino okerrago dago kontua. «Urte asko daramatzat rockean eta egun are okerragoa da egoera. Gero eta minduagoa nago, gero eta haserreago. Aldarria ez da presentzia hutsa, nolako presentzia baizik».
Prozesua nahiko azkarra izan da. Lokalean lanean hasi ziren abestiak osatzen, maiatzetik lehen kontzertuak ematean aritu ziren eta uztailean grabatu zuten diskoa. «Xanperekin grabatu dugu diskoa, eta oso pozik gaude emaitzarekin. Nik gogoko dudan musika horrelakoa da». Taldeak berak ekoitzi du diskoa, bitartekariek kostua igotzen baitute Gutierrezen esanetan. «Lan handia eta buruko minak ematen ditu, baina askoz aberatsagoak dira ondorengo lorpenak».
Bost euro bakarrik
Diskoko abestietako bat, Izan Pirata mugimenduarekin lotua dago, eta beste bat, Ikasle Abertzaleakekin. Izan ere, Donostiako Piraten musika lehiaketa irabazi zuen Onek udaran, eta horrek bultzatuta, abesti bat sortzea erabaki zuten. «Ikasle Abertzaleakek bosgarren batzarra egingo du abenduan, eta kanta egin diegu. Bertan Andoni Delirium Tremensek eta Fermin Muguruzak kolaboratu dute».
Diskoa 11 abestik osatzen dute, eta bost eurotan dago salgai. Donostian, Amara Zaharreko Kaxilda liburu dendan bertan eros daiteke. Disko gehienak, ordea, kontzertuetan saltzeko asmoa dute, eta taldearen webgunean ere salgai jarriko dute. Gaur gauean, aurkezpen kontzertua egingo dute Kortxoenean gaztetxean.
Argitalpena
- Zer. On musika taldearen lehen diskoa.
- Abestiak. Agian, Irudia, Haragitan, Neu nabigatzera, Zu, Etsitzen zaitu, On, Negua, Oroitzapenetan, Oraina, Erresistentzia.
- Taldekideak. Itsaso Gutierez (ahotsa eta gitarra), Ibai Suarez (baxua) eta Denis Alberdi (bateria).
- Aurkezpen kontzertua. Gaur, 21:30ean, Groseko Kortxoenea gaztetxean.


