Aldundiko ordezkariak, aurrekontuak azaltzeko egindako prentsaurrekoan (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia).
Gipuzkoako ahaldun nagusiak 2013ko aurrekontu proiektua aurkeztuko die, 19:00etan, Foru Aldundiaren egoitzan.
Herritarrekin ekimenari joan den irailean ekin zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2013ko aurrekontuak osatu baino lehen gipuzkoarren ekarpenak jasotzeko helburuarekin. Orain, aurrekontuak eginda, herrietara itzuli da, 2012ko aurrekontuaren balantzea egiteko eta datorren urteko aurrekontu proposamena herritarrei aurkezteko.
Donostian ostegunean egingo du bilera Aldundiak, 19:00etan, Foru Aldundiaren Jauregian bertan. Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano bertan izango da azalpenak emateko. «Gipuzkoako Foru Aldundiaren politikaren ardatzetako bat herritarren parte hartzea da, eta ildo horretatik, aurrekontuak herritarrekin lantzeak berebiziko garrantzia du. Iaz, Foru Aldundiak aurrekontuak egin ondoren jo zuen gipuzkoarrengana, haien berri ematera, eta aurten, aurrekontuak egin baino lehen jaso du herritarren iritzia
Herritarrekin ekimena abian jarrita», azaldu dute Aldunditik.
«Hobeto» gastatu
Bilduk azaroaren 12an aurkeztu zuen Batzar Nagusietan aurrekontu proiektua. Helburua urte hasierarako Gipuzkoak aurrekontuak izatea da; horretarako, alderdiei dei egin die aurrekontuak sakon azter ditzatzen, hobetzeko ekarpenak egiteko.
Ahaldun nagusi Martin Garitano eta Ogasun eta Finantza diputatu Helena Francoren arabera, aurrekontuak «aurrerakoiak» dira, «Gipuzkoa berriaren bidean». Testuinguru ekonomiko zailean eginiko aurrekontuak direla jakinarazi dute; «hain zuzen, egoera zail horri aurre egiteko aurrekontuak».
Aurrekontu osoa 3.987.087.153 eurokoa da, joan den urtean baino %1,67 txikiagoa. Jaitsiera handia izan ez dadin, diru sarreren arloari berebiziko garrantzia eman diote. Gastuari dagokionez, zorpetzea kontrolatua izatea nahi dute, «gutxiago eta hobeto» gastatu filosofiarekin bat. «Gobernu Programako baloreak oinarri hartu ditu Aldundiak, eta horiek garatu ditu: balore horiek elkartasuna, berdintasuna, aniztasuna, parte hartzea eta abar dira. Hori guztia, gainera, sektore publiko indartsu baten ikuspegitik egingo da», azaldu dute.
Gizarte politikak ia aurrekontuaren erdia hartzen du; %48, iaz baino portzentaje handiagoa. «Gizartearen ongizatea eta bizitza kalitatea ditu helburu apustu honek», berretsi dute.
Gaurkotasun handiko hainbat gai kontutan hartu ditu Aldundiak; etxe kaleratzeen aurkako dinamika zehatzak aurreikusi ditu, besteak beste. Bestalde, tokiko garapena lehenetsi du, berdintasun politikek tarte garrantzitsua dute eta parte hartzea aurrekontuen «bizkarrezurra» da. Azpiegituren arloan, errentagarritasun zalantzazkoa eta ingurumen eragin izugarria duten azpegitura proiektu erraldoiak baztertu ditu.