Eragileetako kideak eta udal ordezkariak, atzoko agerraldian. (Argazkia: Donostiako Udala)
Hiriko hamairu gunetan antolatu dituzte egitasmoak, eta asteburuan egingo dituzte hainbat
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, hirian zehar antolatu dituzten hainbat ekimen azaldu zituzten atzo, auzo elkarte, eragile zein udal ordezkariek.
Aurten, gainera, inoiz baino auzo gehiagok hartu dute parte egitaraua osatzen; zehazki, hamairuk. Ia gehienek, abenduaren 3ko ospakizun eta aldarrikapen eguna asteburura aurreratu dute.
Guztira, 100 ekimen baino gehiago antolatu dituzte Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Egian, Grosen, Intxaurrondon, Igeldon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean. «Oso pozgarria da, Donostia osoak egingo baitu bat euskararen alde», azaldu zuen Euskara eta Kultura ordezkari Nerea Txapartegik.
Egitaraua webgunean
Ekimen hauek guztiak jasotzeko gukereeuskaraz.net webgunea jarri dute abian. Bertan, hiriko jarduerak eta udal haurtxoko eta gaztelekuetan izango direnak jasoko dira. Horien artean, ia denek euskararen erabilera sustatzea dute helburu, eta horretarako, mintzodromoak, kontzertuak, antzerkia, zinema, haur jolasak, kantu jirak, bertso saioak, hitzaldiak eta abar izango dira.
Besteak beste, atzo azpimarratu nahi izan zuten abenduaren 2an, Parte Zaharreko batzordeak Bulebarrean azoka antolatu duela. Bertan, postu bat izango da etorkinekin euskaraz solasteko aukera izango dena. Banaiz Bagara elkartearen Lana Euskaraz izeneko proiektuaren barruan dago.
‘Euskaraz bizi nahi dut’
Juan Karlos Izagirre alkateak, bestalde, gogora ekarri nahi izan zuen, larunbatean 17:00etan Donostian egingo den manifestazioa. Euskaraz bizi nahi dut leloarekin deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin zien herritar zein gainontzeko ordezkari politikoei.
Azkenik, abenduaren 3an bertan ekintza gehienak San Telmo Museoan egingo direla azaldu zuen Txapartegik. Badu Bada erakusketan bertan mintzodromoak egingo dira goizetik eta sarrera doainik izango da egun osoan. Gainera, Mintzanet proiektua aurkeztuko dute.