‘Marikanta eta inurriak’ idatzi du Mariasun Landak
Aste berean bigarren aldiz albiste izan da Mariasun Landa idazlea. Astelehenean, Maitagarria eta desioa liburua aurkeztu zuen Elkar argitaletxearekin; atzo, berriz, Erein argitaletxearekin, Marikanta eta inurriak liburua argitaratu duela jakinarazi zuen. Inurri langileen eta txitxar alperraren istorio klasikoan oinarritutako ipuina da, baina bestelako ikaskizun bat dakarrena. Izan ere, pertsonaia guztiek pozik bukatuko dute. Gainera, Marikanta izeneko txitxarrak badu inurriei zer irakatsi, oso abeslari ona baita. Hala, inurriei lagunduko die Inurrientzako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketarako prestatzen. Liburua Jokin Mitxelena marrazkilari donostiarrak ilustratu du. «Hasiera batetik banekien Mariasunengandik etorrita goxoki baten modukoa izango zela», aipatu zuen marrazkilariak.


