Juan Inazio Mendizabal: "Benetan polita dela uste dut, eta oso erakargarria geratu dela"
Juan Inazio Mendizabal, Marrazkilaria
Berak idatzi eta marraztutako liburuaren bidez, Juan Inazio Mendizabalek aurreiritzien arriskuez ohartarazi nahi ditu haurrak.
Satur eta bere taldeko satorrak ez dira inoiz atera sator-zulotik, euren beldur eta aurreiritzien ondorioz. Hala ere, gauzak ez direla kontatu dizkioten modukoak pentsatzen hasiko da… Horixe da Mundua berdea ote da dena? liburuaren muina. Ereinekin kaleratu du argitalpena Juan Inazio Mendizabalek (Erdialdea, 1964), eta pertsonaiarekin jarraitzeko asmoa du.
Istorioa buruan zenuen arren, lehenengo marrazten hasi zinen.
Bai. Buruan banuen ideia bat, istorioaren nondik norakoekin, baina idatzi aurretik marrazkiak egiten hasi nintzen. Behin marrazkiak bukatuta, pentsatuta nuen istorioa errazago atera zitzaidan, marrazkietan oinarrituz. Arraro samarra iruditu daitekeen prozedura da, baina komiki amerikarretan, esaterako, hala egiten dute gutxi gora-behera.
Zenbat denbora behar izan duzu dena egiteko?
Gutxi. Udara batean egin dut. Nahiko erraz marrazten dut, baina testua lantzeko denbora gehiago behar izan dut. Marrazkiak oso eroso egin ditut, aurretik esperientzia baitut.
Zerk bultzatu zaitu liburu hau sortzera?
Nire haurtzaroan sortutako ideia batzuek ondoren nire bizitzeko moduan zein pisu handia izan duten konturatu nintzen. Nire aurreiritzietan, nire beldurretan… eta gero esfortzu handia egin behar duzu aurreiritzi horiek aldatzeko, eta beldur horiek gainditzeko. Nire alabengan pentsatu nuen eta beraiei helarazi nahi nien mezua zein zen erabaki nuen. Mezua zen, kontuz ibili behar dela halako gauzekin eta oso garrantzitsua dela irakurtzea.
Protagonista nagusitzat sator bat aukeratu duzu, zergatik?
Satorra pertsonaia sinplea da, baina ume bat berarekin identifikatzea erraza iruditu zitzaidan; jatorra delako eta leuna. Gainera, azpimarratu nahi nuen nola bizi den bera iluntasunean, baina erosotasunez inguratuta. Bere etxean denetik dauka, diseinuzko altzariak, sukalde ona… eta batzuetan ere erosotasunera ohituta, horrekin haustea zaila da. Berak haustea lortzen du eta mundu berri bat aurkitzen du.
Izenburuan diozun mundu berde horrekin zer islatu nahi duzu?
Istorioaren giltza da. Horretaz hitz egingo banu, liburuko azken ezustekoa argituko nuke. Satorrak pauso bat emango du eta izango duen lehen iritzi horrek atzera eramango du. Hala ere, guztia nola gainditu behar den aipatzen dut.
Gustura geratu zara azken emaitza ikusita?
Bai, oso harro nago liburuarekin. Benetan polita dela uste dut, eta oso erakargarria geratu dela. Diseinua oso gogoko dut eta zerbait berria eta dotorea egiten saiatu naiz.
Orain arte komikigintzan ibili zara, ezta?
Bai, Ereinekin 18 urte nituenean hasi nintzen, Ipurbeltzen Poxo izeneko pertsonaia egiten. Pertsonaia hori ia 15 urtez atera zen. Bestelako komikiak ere egin ditut, batzuetan nire gidoiekin eta beste batzuetan beste gidoigile batzuekin.
Alde handia dago komikietatik halako liburu batera?
Marrazkien aldetik ez hainbeste. Liburuko marrazkiek komiki klasikoen antza dute. Badaude Pogoren oihartzun batzuk, oso gogoko dudan pertsonaia baita. Gero, koloretako orrialdeetan badaude marrazki japoniarren oihartzuna, atzeko marrazkietan.
Orain baduzu beste proiekturik buruan?
Pertsonaiarekin jarraitzea gustatuko litzaidake. Koloreekin jarraitu nahi nuke, liburu hau ia guztia zuri-beltzean baita. Koloreen bidez islatuko nuke aurreiritziak gainditzen dituela.


