Atotxako autobus geltokiko lanak maiatzean hasteko asmoa du udalak
Ingurumen txostena egin eta Aldundiak onartzea bakarrik falta da; 2016rako bukatzea espero dute
Atotxako autobus geltoki berria eraikitzen hasteko falta diren azken pausoak azaldu zituzten atzo. Etxebizitzako eta Hirigintzako zinegotzi ordezkari Ricardo Burutaranek azaldu zuen, hainbat gauza falta direla lanekin hasteko, baina gehienak abian daudela eta maiatzerako lanak hastea aurreikusi dutela.
Lanak egiten dituzten artean eragingo dituzten kalteak neurtu behar dituzte. Horretarako, jada abian dago, ingurumenaren eragin txostena. Hori burutu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emaitzak onartzen dituenean, lanak hasteko prest egongo liratekeela esan zuen.
Balio historikoa
Lanak egiterako orduan sortu ahal izango diren hainbat kalte neurtu beharko dituzte. Gehienak, natura, historia, kultura eta arkitekturari dagozkienak dira. Esaterako, egungo tren geltokiaren eraikinak balio historiko eta arkitektoniko handia du. Emaitzean eraikina errespetatu ez ezik, lanak irauten duten artean ere errespetatu beharko dute.
Bestalde, ingurumena eta kutsadurari dagozkienak neurtzeko, ikerketa txosten bat egingo du Ekos Ingurumen Aholkularitza eta Ikerketak. Txostena bukatzeko epea urtarrilaren 31 da.
Ondoren, txosten hori ikertzeko Aldundiak apirilerarteko epea izango du. Behin erantzun positiboa emanda, lanak hasiko lirateke. Erantzuna positiboa izatea espero dute; «aldeko erantzuna jasotzeko arazorik ez dugu ikusten», esan zuen Burutaranek.
Izan ere, lanek irauten dutenean, bertaratuko diren kamioiek sortuko duten zarata, eragingo duten kutsadura, trafikoan izango duen eragina… neurtu eta gutxitu nahi dituzte. Bestalde, ADIFen baimena behar dute lanekin hasteko. Burutaranek esan zuen teknikarian «uneoroko» kontaktuan daudela ADIFekin. Astero deitzen dutela Madrila eta baimena laster izatea espero dute.
Lanak maiatzean hastea espero dute eta 24 hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dutela esan zuen; «bi hamarkada zain pasa ostean, 2016rako autobus geltokia bukatuta egongo da», esan zuen.


