David Garcia: "Amorru eta harrotasun sentimenduak ditut aldi berean"
David Garcia; Musikaria
David Garciak bereziki nerabezaroan ekin zion abestiak sortzeari; lan asko egin ostean, Codigo Bushido sortu eta ‘Cien flechas’ diskoa kaleratuko du urtarrilean.
Betidanik du gogoko abestiak sortzea eta abestea David Garciak (Amara, 1981). Hala ere, ez du bere burua bakarlari gisa agertu nahi. Igor Telletxea bateria-jotzailea, Miguel Artieda baxularia, Txus Aranburu teklista eta Ruben Caballero gitarrista eta ekoizlea izan ditu laguntzaile bere lehen diskoa osatzeko. Diskoaren izen bera du lehen singleak, Cien flechas, eta dagoeneko Interneten entzuteko aukera dago; Facebook.com/cbushido gunean edo bestelako plataforma digitaletan. Pop rock doinuek betetzen dute lana, eta berri zehatzagoa izateko abeslariarekin berarekin hitz egiteko aukera izan du Irutxuloko Hitzak.
Zergatik Codigo Bushido?
Lehen unetik argi nuen ez nuela kantari bakarlari moduan agertu nahi. Sortzaile eta abeslaria naizen arren, ez nuen hori azaldu nahi. Aurretik ere talde batean aritzen nintzen, eta ez nuen izen propio bat izan nahi. Betidanik oso identifikatua sentitu izan nahiz filosofia japoniarrarekin, eta Codigo Bushido balore etikoen zerrenda bat da. Taula horren arabera, garai bateko Japonian benetako samurai bat izan nahi bazenuen, zazpi betebehar zenituen; ohorea, lehialtasuna, justua izatea… balore horiek sinbolo batzuekin irudikatzen dituzte, eta guztietan lehena Gi izenekoa da. Oso balore politak dira, eta gaur egun oso zabalduak ez dauden arren, nik babestu egiten ditut, eta mundu guztiari zabaldu nahi nizkioke.
Aspalditik sortzen dituzu abestiak?
Egia esan, bizi osoa daramat konposatzen. Bereziki, nerabezaroan ekin nion abestiak sortzeari. Sekula ez naiz ikasle oso ona izan eta nire munduan murgiltzen nintzen hitzak idatziz, eta gitarra joz. Hala ere, oraindik ez naiz ausartzen eszenatokietara gitarrarekin ateratzen, etxean bakarrik erabiltzen dut, abestiak sortzeko.
Beste talderen batean aritu zara aurretik?
Gazteagoa nintzenean, eskoletatik ateratzean lagunekin elkartzen nintzen askotan, eta hainbat talderen abestien bertsioak jotzen genituen. Gero, zerbait serioagoa egiteko gogoa nuen, eta talde sendo bat osatzea lortu genuen. Disko bat kaleratu genuen, baina proiektu hori hasi eta bukatu egin zen. Hortik aurrera, nire bakarkako ibilbideari ekitea erabaki nuen. Pixka bat tristea da hau esatea, baina jende askoz inguratua zaudenean zailagoa izaten da gauzak egitea, ados jarri beharra baitago. Bakarkako bidean, onerako edo txarrerako, nire erabakiak hartu ditut. Nik onerako izan dela uste dut; disko bat grabatzeko aukera izan dut eta izugarri ikasi dut inguruan nituen profesionalei esker.
Mikel Erentxunen laguntza ere izan duzu.
Bai. Cuatro telebista kateko La batalla de los coros saioan ezagutu genuen elkar, duela lau urte. Ordutik harreman estua dut berarekin, ia egunero egoten gara elkarrekin eta lagun minak gara.
Bakarkako ibilbideari ekin diozula diozu, baina diskoa talde batekin osatu duzu.
Bi talde sortu ditut. Diskoa grabatzeko talde bat izan dut, Mikelen bandako kide batzuen laguntzarekin, besteak beste. Oso musikari onak dira eta Beran grabatu dugu diskoa. Askotan badirudi Los Angeles-era joan behar dela zerbait ona egiteko, eta hemen bertan sekulako profesionalak eta baliabideak dauzkagu. Diskoa aurkezteko, berriz, beste lagun batzuekin nabil, eta Xabi Mendiluze izaten dut beti ondoan gitarrarekin.
Nolakoa izan da diskoaren grabaketa?
Hilabete eta erdi ingurukoa izan da prozesua, eta aurtengo uda bukaeran egin dut. Egia esan, profesionalez inguratua egotean guztia errazagoa izan da, eta izugarri ikasi dut. Dena oso ongi atera da eta soinua asko zaindu dugu. Erabilitako gitarrek oso soinu goxoa eman diote diskoari; eta bat baino gehiagok atsegin ez duen ukitu digitalari indarra kendu diote. Masterizazioa Estanis Elorzak egin du. Azken ukitua eman dio diskoari, beste dizdira bat izateko.
Zer da orduan Codigo Bushido?
Pop-rock musika da. Gogoko ditudan artistetara iristen saiatzen naiz. Uste dut bere garaian Michael Jacksoni entzun niola, artista bat hainbat artisten eraginen batura dela. Zuk artista bat bakarra dela pentsatu arren, gogoko dituen musikariengandik jasotzen duena da. Nik, esaterako, gogoko ditut Amaral, Taxi taldeko abeslaria, Nek, Bumburi, Heroes del silencio… nire arreba zaharragoaren ondorioz ere asko entzun dut 80. hamarkadako Madrileko mugimenduko musika, eta noski, Duncan dhu. Guztien eragina dudala uste dut.
Diskoaren izenburua Cien flechas da, zer adierazi nahi duzu?
Single-aren leloak hala dio, Cien flechas en el cielo apuntan a mi voz. Metafora bat da, bizitzan izan ditudan traba eta zailtasun guztiak dira gezi horiek, abesteko gainditu behar izan ditudanak. Pertsona bakoitzak bere geziak dituela uste dut. Egunero gezi horiekin borrokatu behar izaten dut, amets bat betetzeko.
Argi zenuen orduan diskoaren izenburua?
Bai. Hogei abesti baino gehiago sortu nituen, eta horietatik aukeraketa bat egin nuen. Cien flechas abestiak filtro guztiak igaro ditu, eta singlea izaten bukatu du. Nire egoera laburbiltzen duela esango nuke; eta gauzak egiteko dudan gogoa.
Gainontzeko abestietan zeri abesten diozu?
Lehenengo abestiak, esaterako, Oscuridad izena du, eta nire ikusmen arazo txiki baten ingurukoa da. Bestela, bikoteen eta maitasunaren inguruan hitz egiten dut, azkenean gehien hunkitzen gaituzten gaiak baitira. Guztiak gai pertsonalak dira.
Asko kostatu zaizu honaino iristea?
Amorru eta harrotasun sentimenduak ditut aldi berean. Gaur egun ez da nahikoa musikagilea izatea. Nik honaino iristeko denetik egin behar izan dut, finantzatzea topatu, jende askorekin akordioak lortu, estudio askotatik igaro eta kolpe asko jaso, bidaia asko egin… Mikel Erentxunekin biran ere izan naiz eta asko ikasi dut. Asko kostatzen zait hau esatea baina azkenean musika negozio bat da, nahiz eta niretzako askoz gehiago den.
Behin diskoa aterata zer egingo duzu?
Espainiar Estatuan barrena bira emateko kontzertuak lotzen ari gara. Jaialdiekin bat egin nahi dugu, asko baitaude, ia 500. Azken batean, Codigo Bushido ezagutarazi nahi dugu. Lau aurkezpen kontzertu handi egingo ditugu otsailean; Donostian, Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan, baina oraindik datak ez ditugu zehaztu. Zuzenekoetan dena eman nahi dugu, jendeak eman dezakegun guztia ikus dezan. Agian harro itxura emango dit honek, baina asko sentiarazi dezakeen abeslari bat naizela uste dut. Orain arte nire aurreko taldearekin emandako kontzertuetan, jendearengandik sekulako erreakzioak jaso ditut. Nire ahotsarekin eta instrumentu batzuekin jendearengana iristea sekulakoa iruditzen zait. Hori da jaso dezakedan saririk handiena. Bereziki bizitzen ari garen garaietan, jendeari baikortasuna helarazi behar zaio.


