Euskal Selekzioak eta Boliviak jokatuko duten partidaren aurkezpena egin dute Anoetan (argazkia: Estitxu Zabala)
Euskal Selekzioak Boliviaren aurkako lagunarteko partida jokatuko du Gabonetan. Zehazki, abenduaren 29an izango da lehia, 20:00etan, Anoetan. Partidaren inguruko xehetasunak emateko, aurkezpena egin dute prentsa aurrean arduradunek, gaur goizean. Mikel Etxarri eta Josemari Amorrortu hautatzaileek argi utzi dute gogoz daudela Euskal Selekzioaren maila ezagutarazteko. Antolatzaileek badakite San Mamesen zale gehiago biltzen direla, beraz, badira zortzi urte Euskal Selekzioak ez duela Anoetan jokatzen. Hala ere, berriro selekzioa Donostiara ekarri nahi izan dute. Izan ere, 1993an inauguratu zen Anoeta estadioa, eta orduan ere Boliviaren aurka jokatu zuen Euskal Selekzioak, Javier Azkargorta hautatzailearen esanetara. Gainera, Anoeta San Mames baino estadio seguruagoa dela uste dut.
Bihar bertan jarriko dituzte norgehiagokarako sarrerak salgai, Realaren webgunean; baina lehen bi egunetan Realeko bazkideek bakarrik izango dute sarrerak erosteko aukera. Sarrerek 15, 20, 23 eta 25 euroko prezioa izango dute, eta bazkide txuri-urdinek hiru euroko deskontua izango dute sarrera guztietan. Abenduaren 14tik 25era nahi duen guztiak izango du sarrerak erosteko aukera, bai Internet bidez bai Gipuzkoako ohiko tabernetan ere. Abenduaren 26tik 29ra, berriz, Anoetako txarteldegia irekiko dute, 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.