Feministaldia Artelekura itzuliko da
Kultura feministaren zazpigarren jaialdia da; bihar hasiko da.
Artelekun aurkeztu dute gaur goizean Feministaldia. Kultura Feministaren zazpigarren jaialdia izango da aurtengoa. Artelekun ospatu ohi zen jaialdia, baina iaz, Emakumeen Etxean egin zuten. Aurten, Artelekura itzuli da. Nahiz eta, antolatzaile den Plazandreok-eko kide Juana Arangurenek azaldu duen, hirian zehar hainbat ekimen egingo dituztela.
Bihar hasiko da, Marina Abramovicen dokumental batekin. Emanaldia Antzoki Zaharrean izango da, 19:30ean. Ostiralean, Bulebarrean Les Souffleursen kale ekimena egingo dute 17:00etan.
Larunbatean, goizetik, egitarau zabala eskainiko dute Artelekun. Tailerrak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta solasaldiak izango dira. Gauean festarekin amaituko dute. Egitarau osoa Feministaldia.org webgunean dago.
Bertan izan dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Emakundeko eta Donostia Kulturako ordezkariak ere, eta denek, kultura feministaren garrantzia azpimarratu dute. Aldundiko Berdintasun Saileko zuzendari Laura Gomezek gaineratu du, ez dela nahikoa halako ekimenak bultzatzearekin; “erronka polita daukagu: hemen azaltzen diren proposamenak gure kultur politiketan txertatzea”, azaldu du.


