Izagirre: "Gizon, emakume eta haur guzti haiek aitortza eta justizia merezi dute"
Musikak lagundutako ekitaldi batekin, Ondarretako kartzelan egondako pertsonak zein senitartekoak omendu nahi izan dituzte gaur egindako ekitaldian.
Juan Karlos Izagirre alkateak hitz batzuk eskaini ditu oroitarria agerian utzi aurretik; “gizon, emakume eta haur guzti haiek aitortza eta justizia merezi dute”, esan du.
Bertan izan dira baita ere, kartzela barrutik bizi izan zuten Pilar Garciaindiaeta Marcelo Usabiaga. Usabiagak 21 urte eman zituen preso, ez denak Ondarretan. Hunkituta kontatu ditu bertan bizitako garai gogorrak; “Kartzela tragedia bat da. Gosea, hotza, bizi egin behar dira-gero!”, adierazi du. Bestalde, esan du, berak bizitakoa milaka pertsonek bizi izan zutela eta horregatik dela garrantzitsua gogoratzea.
Azkenik, kartzelako harriak uretatik errekuperatuta egindako oroitarria erakutsi dute eta lore eskaintza egin diote. Agurra ere dantzatu diete omenduei.


