Tibetarrei laguntzeko artelanak
Parte Zaharreko Nomada dendan SolidarizARTE erakusketa antolatu dute. Euskal Herriko zazpi artistek lan bana eman dute Rokpa Euskadi, Gobernuz Kanpoko Erakundearentzako. Erakunde honek Tibeteko bizimodua hobetzeko egiten du lan, eta artelanak salduz lortzen den diru guztia, Tibeteko medikuntza tradizionalari laguntzeko erabiliko dute.
Sendabelarrak arriskuan
Naturatik hartutako sendabelarretan oinarritzen da Tibeteko medikuntza. Gaixotasunak atzemateko ikuspegi holistikoa erabiltzen dute. Bi mila urtetik gora dituen metodoa da, eta ia tibetar gehienek huraxe erabiltzen dute.
Belaunaldiz-belaunaldi igarotako jakintza izan da sendabelarren erabilera. Orain arte, behar zituzten lore edo landareak hartu eta erabiltzen zituzten. Azken urte hauetan, ordea, enpresa farmazeutikoak ere Tibeteko belarrak erabiltzen hasi dira botikak egiteko, eta pisuaren arabera ordaintzen dizkiete sendabelarrak. Ondorioz landare batzuk desagertu dira, eta beste asko galtzear daude. Erabiltzen bai, baina tibetarrek ez dakite mendietan berez hazten diren landare horiek nola eta noiz landatu.
Formakuntza lan horretan laguntzea da Rokpa erakundearen helburua, eta bertako medikuntza tradizionala, tibetar guztiei iritsiko zaiela ziurtatzea.
Zortzi artista euskaldunen lanak bihartik urtarrilaren 7a arte egongo dira ikusgai eta salgai Nomada dendan.


