Zortzi artista euskaldunek Rokpa Euskadi Gobernuz Kanpoko Erakundeari emandako lanak Nomada dendan daude salgai.

Nerea Agirre, Nomada dendako arduraduna, artistek emandako artelanez inguratua. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Dendaz denda ibiltzeko egunak dira hauek askorentzat, oparirik politena edo bitxiena topatzeko asmotan. Parte Zaharreko Nomada dendan, kontsumo eredu ezberdin bat proposatzen dute: artea oparituz, elkartasuna eskaintzea.
Helburu horrekin antolatu dute
SolidarizARTE erakusketa. Euskal Herriko zazpi artistek lan bana eman dute
Rokpa Euskadi, Gobernuz Kanpoko Erakundearentzako. Erakunde honek Tibeteko bizimodua hobetzeko egiten du lan, eta artelanak salduz lortzen den diru guztia, Tibeteko medikuntza tradizionalari laguntzeko erabiliko dute.
Sendabelarrak arriskuan
Naturatik hartutako sendabelarretan oinarritzen da Tibeteko medikuntza. Gaixotasunak atzemateko ikuspegi holistikoa erabiltzen dute. Bi mila urtetik gora dituen metodoa da, eta ia tibetar gehienek huraxe nahi dute.
Belaunaldiz-belaunaldi igarotako jakintza izan da sendabelarren erabilera. Orain arte, behar zituzten lore edo landareak hartu eta erabiltzen zituzten. Azken urte hauetan, ordea, enpresa farmazeutikoak ere Tibeteko belarrak erabiltzen hasi dira botikak egiteko, eta pisuaren arabera ordaintzen dizkiete sendabelarrak. Ondorioz landare batzuk desagertu dira, eta beste asko galtzear daude. Erabiltzen bai, baina tibetarrek ez dakite mendietan berez hazten diren landare horiek nola eta noiz landatu.
Rokpa Euskadi erakundea lan horretan ari da buru-belarri azken urte hauetan. Tibeteko lau mediku Edinburgoko botanika eskolara bidali zituzten, sendabelarren landaketa ikasteko. Dagoeneko belar batzuk landatu dituzte, baina Tibeteko ezaugarri geografiko eta klimatikoak oso bereziak dira eta zaila da emaitza onak lortzea.
Nomada dendako Nerea Agirre (Amara Zaharra, 1971) Rokpa Euskadi erakundeko kidea da.
SolidarizARTE erakusketak ez dauka zerikusirik dendarekin, baina bertako alfonbra asko Tibeteko artisauek egiten dituzte. Tibeteko bizimodu latza ezagutzen duelako, pentsatu zuen elkartasun ekimen hau antolatzea eta pozik dago. Nerea Agirreren esanetan, «hemen sendabelarrak erabiltzeko izan dugun ohituragatik izango da agian, baina jendearen harrera oso ona izaten da. Artistek ere berehala eman zuten baiezkoa, eta oso eskertuak gaude; ea orain emaitza onak lortzen ditugun».
Elkartasuna eta artea
Jose Luis Zumeta, Javier Balda, Maria Txillida eta Juan Luis Goenaga margolariak, Jose Ramon Anda, Koldobika Jauregi eta Agustina Otero eskultoreak eta Alberto Shommer argazkilaria dira artelanak eskaini dituzten artistak.

Tibeteko sendabelarrekin egindako botikak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Artelanekin batera, Tibeteko botikak eta bertako eskuizkribuak ere ikus daitezke urtarrilaren 7a arte Nomada dendan. Beraz,
SolidarizARTE, artelan bat erosteaz gain, herrialde tibetarrari elkartasun keinu bat oparitzeko modu egokia izan daiteke.