"Bada garaia gure historiako babeslerik onena erakusteko"
Realeko jokalari bakoitzak bazkide baten izena eramango du idatzita elastikoan, biharko partidan
Realak bere jarraitzaileak omendu nahi ditu, eta horretarako izan duen ideia bihar bertan gauzatuko du. «Bada garaia gure babeslerik onena erakusteko», dio Asier Ilarramendi jokalariak promoziorako osatu duten bideoan. Izan ere, bihar, Sevillaren aurka jokatuko du Realak, 22:00etan, Anoetan. Lehen Mailako Ligari dagokion urteko azken partida izango da, Gabonetako atsedenaldia hasi aurrekoa. Partida horretan elastiko berezia erabiliko dute jokalari txuri-urdinek, zaleen omenez. Realeko jokalari bakoitzak klubeko bazkide baten izena eramango baitu idatzita; «bihotzetik gertu», esan zuen Jokin Aperribai presidenteak atzoko aurkezpenean. Partida horretan bakarrik eramango dute jokalariek soinean elastikoa, eta bazkide horietako bakoitzari urtarrilaren 13ko asteburuan oparituko diote berea. Zehazki, 2013ko lehen partidan emango diete elastikoa bazkideei, Deportivoren aurkako lehian.
Guztira, Realeko 22 bazkidek izango dute zortea, taldeko 22 jokalarietako bakoitzak horietako baten izena eramango baitu idatzita. Realak Getaferen aurka jokatutako partidan, zotz egin zuten klubeko 20.000 bazkideen artean. Hala, 70 bazkideri proposamena aurkeztu zieten eta baiezkoa eman zuten. Beraz, 70 horien artean zozketa egin zuten, 22 hautatzeko.
«Klub batek duen gauzarik garrantzitsuena bere zalegoa da. Horrekin batera, elastikoa klub batentzat oso garrantzitsua da. Bi gauzak elkartu nahi izan ditugu, zaleek jokalarien bihotzetik gertu egoteko aukera izan dezaten», argitu zuen Aperribaik. Gainera, Aperribaik azpimarratu zuen taldea oso momentu onean dagoela, eta inoiz Europako lehian sartuko bada, zaleen bultzada beharko duela orduan ere. «Ez dakigu aurten izango den. Baina uste dut taldea bere hobekuntza erakusten ari dela, eta aurten ez bada ere, datorren urtean edo hurrengoan Europan sartzea lortuko du. Baina zaleen babesa beharko dugu», gehitu zuen Aperribaik.
Jokalariak aktore lanetan
Ekimenaren berri emateko, Realak bideo bat osatu du. Asier Ilarramendi da protagonista, eta berarekin batera jokalari gehiago ageri dira, Anoetan. «Zaleak beti hor egoten dira eta ez da beraietaz hitz egiten. Ordu batzuk pasa genituen grabatzen, baina esperientzia polita izan da», azaldu zuen Ilarramendik. Biharko partida, gainera, zaleei eskaintzea baino zer hobe. «Urteko azken partida da eta ongi bukatu nahi dugu», aipatu zuen Xabi Prietok.


