Euskal futbolariak, argazki erakusketa batean
Pedro Usabiaga argazkilari donostiarrak hainbat kirolariren zuri-beltzeko irudiak jaso ditu Fnac-en
Pedro Usabiaga argazkilari donostiarrak gogoko ditu kirola eta kirolariak, eta nabari zaio. Izan ere, iaz, egutegi berezia osatu zuen Bera Bera Eskubaloiko eta Lagun Aro GBCko jokalariekin. Aurten, berriz, Algunos hombres buenos izeneko erakusketa osatu du eta Fnac-eko Forumen jarri dute ikusgai. Argazki erakusketa urtarrilaren 20ra arte egongo da zabalik, eta bertan, Usabiagak hainbat futbolariri atera dizkien 30 argazki inguru ikusteko aukera egongo da.
Irudietako protagonistak euskal futbolari erakargarrienak dira Usabiagaren ustez. Hala, honakoak dira irudietako protagonistak: Xabi Prieto, Kike Sola, Fernando Llorente, Alberto de la Bella, Cadamuro, Oscar de Marcos eta Oier Sanjurjo, besteak beste.
Erakusketako argazki guztiak zuri-beltzekoak dira. Izan ere, Usabiagak futbolarien alderdi gizatiarrena azaleratu nahi izan du.


