Hiriko baserritarren itxura dotorea
Santo Tomas egunean baserritarrez janztea ezinbestekoa izan ohi da festa giroan bete-betean murgiltzeko.
Parte Zaharreko Idoia Odriozola eta Almacenes La Bretxa dendetan oraindik ez dira merkealdiak hasi, baina kanporainoko ilarak daude. Izan ere, urteko egun berezietan bakarrik janzten dira, baina denek prest eduki nahi dituzte baserritar jantziak. Eta ostirala, urteko egun berezi horietako bat izango denez Donostian, oraindik jantziak prest ez dituenarentzako, hona hemen zenbait aholku.
Baserritar modernoenak
Azken urteotan baserritar jantzien koloreak eta diseinuak zertxobait aldatu edo egokitu badira ere, oinarrian, garai bateko bizilagunen janzkera irudikatzen dute.
Idoia Odriozola dendan, 1895. urteaz geroztik saltzen dituzte euskal jantziak. Idoia Odriozola, dendako arduradunak, inork baino hobeki ezagutzen ditu jantzien aldaketak, belaunaldiz belaunaldi igarotako denda baita beraiena. Idoia Odriozolaren esanetan, «askok betiko jantzi beltzak edo urdin ilunak nahi izaten dituzte, tanto txikiak dituzten horiek. Koloredunak ez direla aintzinakoak uste dute, baina ez da horrela; jantzi alaiak eta koloretsuak ere erabiltzen zituzten lehen».
Antza denez, jantzi ilunak lanerako erabiltzen ziren eta jai egunetarako edo azokarako bestelakoak. Maila ekonomikoaren arabera, jantziak ere desberdinak izaten omen ziren eta itxuran baino, oihalen kalitatean zegoen aldea. Emakume txiroenek adibidez, koloretako zatidun gonak josten zituzten, zati bat apurtzen zenean, beste batez ordezkatzeko.
Modu batekoa zein bestekoa izan oihala, hauek dira ezinbesteko elementuak, baserritarrez egoki janzteko: Emakumeentzako, gonazpikoa, gona, mantala, blusa, artillezko xala eta zapia buruan. Nahi izanez gero, gerruntzea ere bai. Eta hanketan galtzerdiak eta abarkak; gizonentzako, galtzak, gerrikoa, brusa, barnekoa, brusa luzea, txapela eta zapia lepoan. Oinetan, artilezko galtzerdiak eta abarkak. Haurrak era helduen modura janzten ziren.
Beraz, koloredunak, laukidunak, alaiak edo ilunak izan, lehen lanerako ziren jantziak, orain festarako ikur bihurtu dira.



