Donostiako ereserkia berreskuratuko dute urtarrileko lehenengo mugarrian
San Sebastian bezperan danborrada berezi bat egingo dute 1813ko bigarren mendeurrena gogoratzeko
Donostiaren suntsitzearen bigarren mendeurrena gogoratzeko, lehenengo mugarria aurkeztu zuten atzo. Ekitaldia San Sebastian bezperan egingo dute, urtarrilaren 19an, hain zuzen ere. Bertan, hiriko ereserki zaharra joko dute. Doinua, besteak beste, danborrada berezi batek joko du. Bestalde, Juan Karlos Izagirre alkateak bigarren mendeurrenari buruzko bandoa irakurriko du.
Izagirrek, atzoko agerraldian azaldu zuen danborrada herritarrei eskainiko zaiela; Alderdi Ederren joko dute 12:00etan. Berekin izan zen Udalaren Txistulari Bandako zuzendari Jose Ignazio Ansorena ere. Azaldu zuten, egunean jotzea erabaki duten pieza, 1813an hiriko ereserkia zena izango dela.
1400 danborraritik gora
Ekitaldian, haur eta helduen konpainietako 1.400 danborraritik gora arituko dira. Gainera, Udalaren Txistulari Bandak, abesbatza batek eta zortzi dantzarik jo, abestu eta dantzatuko dute.
Atzoko agerraldian bertan, txistulari bandak eta Kresala elkarteko bost haurrek danborrarekin ereserki zaharra jo zuten. Doinua lehenagokoa bada ere, txistulari bertsioan Juan Jose Sanestebanek jaso zuen 1827an; danborradako partitura bertsioak, ordea, 1838ko data du. Dantzariei dagokionez, Aiert Beobide eta Onintza Odriozolarekin batera arituko dira beste hiru bikote. Ereserkiak zortziko doinuaren antza duela baliatuz, sortu dute koreografia.
Partaidetza orekatua izango dela ere azaldu zuten, izan ere, haur eta helduak, neska eta mutilak, emakume eta gizonak, danborrak eta barrilak, urketariak eta abar arituko dira. Danborrariak dagoeneko entseatzen ari direla azaldu zuten atzo.
Hamahiru ereserki
Hiriaren suntsitzearen bigarren mendeurrena gogoratzeko, 2013 urtean zehar egundaka ekitaldi eta egitasmo antolatu dituzte, baina hilabetero mugarri bat ezarri dute hainbat gai jorratzeko. Guztira hamahiru mugarri izango dira (abuztuan bi egingo baitituzte), eta urtarrilekoa lehenengoa da. Lehenengo mugarri horri Mendeurrenaren oroitzaren hasiera izena jarri diote.
Alkateak atzo azaldu zuen, San Sebastian bezpera aukeratu dutela, donostiarrentzat egun berezia delako; «San Sebastian bezperako eta eguneko danborrada donostiarrentzat ekintza maiteenetako bat denez, bezpera hori aukeratu dugu bigarren mendeurreneko lehenego mugarria jartzeko; ziur gaude egun ahaztezina izango dela», esan zuen Izagirre alkateak.
Sarriegi baina lehenago, Donostiarrek bazuten beraien ereserkia
DEgun ezagutzen dugun Raimundo Sarriegiren Donostiako Martxa baina lehenago, hiriak bazuen bere ereserkia. Hain zuzen ere, XVII edo XVIII. mendean jatorria duen doinua zen. Hiria suntsitu eta eta berraiki eta birsortzea erabaki ondoren, inauterietako konpartsak, danborradak eta abar suspertu zituen gogo bizia azaldu zen. Garai horretakoa da pieza hau, nahiz melodia zaharragoa den. Danbor, txistu eta dantzarako egokitu dute.


