Euskal artea Txinan sustatzea dute helburu
Goazen Txinara! programaren bosgarren aldirako deialdia ireki dute. Pekingo MA Studioak antolatuta, eta Etxepare Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, euskal artea Txinan sustatzea du helburu.
Aurten bost urte beteko ditu euskal artistentzako sortutako erresidentzia programak. 2009an eratu zenetik, hamabi euskal artisten lanak sustatu ditu Goazen Txinara! programak. Hainbat donostiarrek parte hartu dute: Isabel Herguerak, Juan Aizpitartek, Iñigo Salaberriak eta Koldo Almandozek, besteak beste. Hain zuzen, Almandoz bera iazko udan izan zen Pekinen; Ismael Iglesias artista durangarrarekin batera.
Arte garaikidearen edozein arlorekin edo diziplinarekin lotura duten, eta bi hilabetean egingarri diren bi proiektu aukeratuko ditu epaimahaiak. Urtarrilaren 30era bitartean bidali ahal izango da egitasmoen dokumentazioa. Hautatutako bi artistek bi hilabeteko egonaldia —abuztuaren 1etik irailaren 30era— egingo dute Pekinen, Ma Studioan, eta egonaldi horren azken egunetan erakusketa bat egingo dute haien lanekin.
Judas Arrieta programaren bultzatzaile eta sortzaileak, eta Koldo Almandoz zinemagileak aurtengo beka eta iazko lanekin osatutako katalogoa aurkeztu dute gaur goizean Koldo Mitxelenan. Hain zuzen, Almandoz bera izan zen iazko garaileetako bat, Ismael Iglesiasekin batera.
Euskal Herria eta Txina lotzeko zubia
Judas Arrietaren amets gisa sortu zen Goazen Txinara! programa, eta Hondarribiko artistak lanean jarraitzen du Euskal Herria eta Txina arteko zubia sendotzeko. Artista txinatarrak Euskal Herrira ekartzeko aukerarekin egiten du orain amets Arrietak: “Sortzaile txinatarren lanekin hemen erakusketa bat egitea gustatuko litzaidake. Gure estudioan egon diren euskal artistak eta txinatarrak elkartzea”, adierazi du.
Kung Fu eta Nouvelle Vague
Koldo Almandozek iazko udan egindako proiektua azaldu du aurkezpenean. Bere asmoa film ugari batuko zituen film bat egitea zela plazaratu du. Pekingo unibertsitateko ikasleekin lan talde bat sortu zuen, eta haiekin ibili zen filmatze lanetan: “Ahal izan nuen guztia grabatu nuen Pekinen, eta orain hori guztia muntatu egin behar dut. Kung Fu filmak eta Nouvelle Vague elkartzen dituen film bat egiteko asmoa dut”. Funtsean, bere filmak hiru pieza elkartuko dituela esan du: “Bertako istorio bat, Kung Fu film bat eta bertako egonaldiaren eguneroko bat”. Halere, Almandozek zalantzak ditu, eta ez daki proiektu honen emaitza zein izango den, ezta interesgarria izango den; baina esperimentu gisa oso polita izan dela azaldu du.
Pekinen filmatzea esperientzia berri bat izan dela esan du Almandozek, eta edozein artistarentzat gomendagarria dela. Lehen astean hara joan izanaz damutu zela ere aitortu du, baina azkenean oroitzapen onak gailendu direla dio.