Hemen dira Errege Magoak

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Kontxan. (Argazkia: N. Lizarralde)
Txita gainean iritsi dira Kontxara, eta pajeak patinetan
Iritsi dira azkenean Errege Magoak. Bide luzea egin dute Kontxara iristeko, eta aurten gainera txita gainean etorri dira, pedalei eragiten. Eta haien laguntzaileak, pajeak, patin gainean. Espero bezala, garraiobide ekologiko batean iritsi dira Donostiara hiru Errege Magoak. Kontxatik sartu dira hirira, 14:50ean, eta, zuzenean, udaletxera joan dira.

Gaspar erregea haurrak agurtzen. (Argazkia: N. L.)
Udaletxera bidean, Kontxa pasealekuan, haur eta gurasoak agurtu dituzte erregeek. Jendetza bildu da Kontxa pasealekuan Errege Magoei harrera egiteko. Eta ilara luzea egin dute donostiarrek udaletxean Errege Magoei eskutitza eskuan emateko. Eguraldi hotzak ez ditu kikildu haur eta gurasoak.
Desfilea 18:00etan abiatuko da, Bulebarretik. Hiriko erdiguneko kaleak pasatuko ditu: Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Gipuzkoa plaza, eta Legazpi eta Bulebarrean amaituko da. Errege Magoek karrozetan igota egingo dute ibilbidea. Meltxorren karrozak bi zebra izango ditu bereizgarri gisa, Gasparrena Egiptoko irudiz apainduta egongo da, eta Baltasarren karrozak hiru gorila eramango ditu. Dena den, Errege Magoak ez dira bakarrik ibiliko: trikitilariak, txarangak, suhiltzaileak, pajeak, Txu- txu trena eta animaliak izango dituzte alboan.

