2.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena Konstituzio plazako balkoitik danborrada ikusteko
Izena emateko epea ostiralean 12:00etan bukatuko da eta interesa dutenek, 010 hiritarren informazio telefonoaren bidez, udal webgunearen bitartez, edo Udalinfoko bulegoetara bertaratuz egin dezakete. Zozketan parte hartzeko bi baldintza jarri dituzte: Donostian erroldatuta egotea eta 18 urte beteta izatea.
Zozketa udalbatzan
Ekimenak sortu duen ikusmina dela eta udalak, zozketa udalbatzan egitea erabaki du. Astelehenean egingo dute, 19:00etan. Bertan, 66 pertsonen izenak aterako dira baina berezitasun batzuekin. Udalak oreka irizpideak ezarri ditu zozketan; hau da, gizon eta emakume kopuru berdina eta hiru adin mugatan pertsona kopuru bera. Zehazki, 18 eta 35 urte bitartekoak, 35 eta 65 artekoak eta 65 urtetik gorakoak izango dira hiru taldeak.
Udal Gobernuak bere poztasuna adierazi du hiritarrak ekimen honekin izaten ari diren erantzunagatik eta balkoira joateko zortea duten pertsonek ahaztu ezineko esperientzia bizi dezatela desio du.