'Zu zeu' ikuskizuna eskainiko du Verdini Dantza Taldeak larunbatean
Down sindromea duten haur eta gazteekin egiten du lan Verdini Dantza Taldeak, eta hogei urteko lana ospatzeko, ikuskizun berezia egingo dute larunbatean, Viktoria Eugenia Antzokian.
Zu zeu ikuskizunarekin antzokia betetzea espero dute. Bi zati izango ditu. Batetik, Verdini Dantza Taldearen ekoizpen guztiekin osatutako proiekzio bat eskainiko dute. Irudi hauen bidez, hogei urtean izan duten garapena erakutsi nahi dute. Gainera, Verdini dantza eskolako ikasleek hainbat koreografia egingo dituzte, dantza taldeko partaide ez badira ere, eskoletan ikasten dutena erakusteko aukera bat eskaini nahi baitzaie.
Ikuskizunaren bigarren zatian, Verdini dantza konpainiako kideek Argira, Dantzaria naiz eta Baga-Biga saioak eskainiko dituzte. Dantzariek lortuko dute ikuslea hunkitzen, eta emanaldia alaitzeko ardura, berriz, Badut klown taldeak izango du. Ikusleen artean egongo diren hainbat lagun eta senitartekoi keinu bat eginez, beste hainbat ezusteko ere izango dira, baina bertara joan eta ikuskizunaz gozatzea izango da hoberena. Saioa 20:00etan izango da.