Aurrerantzean, IRUTXULOKO HITZA astean behin argitaratuko da. Ostiralero kaleratuko dute, GIPUZKOAKO HITZArekin batera
Hiriko albisteak, erreportaje eta elkarrizketa zabalak, asteko irudiak eta astebururako proposamenak bilduko ditu astekariak. Hainbat protagonista izango ditu astekariaren lehen zenbakiak. Hainbat aurpegi ezagunei urte berriari begira dituzten nahien inguruan galdetu diegu: Juan Karlos Izagirre alkatea, Xabi Prieto Realeko jokalaria, Ainhoa Aierbe aktorea eta Joxemari Olasagasti aizkolariari, besteak beste. Verdini Dantza Taldearen 20. urtemuga ere izango dugu hizpide; baita Arrantzaleen Kofradiaren afera, Joxemi Zumalaberi eskainitako omenaldia eta Ekaitz Iberoren atxiloketaren arriskua, besteak beste. Iritzia atalean, Futbologia eta Loretopetik atalak aurkituko dituzu. Aste honetan Jon Odriozola kazetaria eta Beñat Gaztelumendi bertsolariaren artikuluak irakurri ahal izango dituzu.
Zortzi urteko ibilbidea
Donostiako euskaldunei bertako informazioa euskaraz eskaintzeko asmoz 2005ean sortu zen IRUTXULOKO HITZA. Dagoeneko zortzi urte igaro dira. Urte hauetan guztietan nahi baino arazo gehiago sortu izan da. Krisi ekonomikoaren eta hedabideen eredu krisiaren eraginez, hainbat aldaketa eta egokitzapen egin behar izan ditu IRUTXULOKO HITZAK.
Aurrerantzean ere egin beharko ditu, komunikazioaren esparruan aldaketa etengabea baita. Horrenbestez, 2013an proiektu berri bat jarri du abian. Helburua euskarazko informazioaren esparruari eustea da, hizkuntza normalizazioaren bidean hedabideena sektore estrategikoa delako.
Horregatik, aurrera begira jarri nahi du egunkariak. Proiektu honek badu etorkizuna. Komunikazio joera berriei erreparatu, eta hauek gurera egokituz
Donostiako euskaldunentzat ahalik eta proiektu sendoena egin nahi du IRUTXULOKO HITZAK.
Duela zenbait hilabete, egunkaria astean sei egunez argitaratzetik lau egunetan argitaratzen hasi genuen. Hala ere, kaltea izan zitekeena mesede bihurtzea lortu genuen, harpidedunen eta irakurleen beharrei dagokienez.
Itzurun gehigarria sortu genuen lehenik;
Gipuzkoako Hitza etorri zen geroago; eta
Irutxulo.hitza.eus indartu genuen 2012an, unean uneko albiste, irudi eta bideoekin, eta sare sozialetan presentzia bermatuz.
Aldaketa gehiago etorri ziren irailean, baina berezitasun krudel batekin; lehen aldiz, lan taldean izan zuten eragina. Izan ere, IRUTXULOKO HITZAK bi langile gutxiago ditu orain. Baina, egoera zailetatik indartuta ateratzeko printzipioari berriro helduta, egitasmo indartsua prestatu dugu, galdu baino, harpidedunek zein irakurleek irabaz dezaten; hain justu,
IRUTXULOKO HITZA astekari bihurtu da 2013aren etorrerarekin eta interneteko ataria astelehenetik igandera aktibo dago, atsedenik gabe. Apustu handia da, langile gutxiagorekin, presentzia areagotu dugulako egunerokoan; larunbatetan eta igandeetan gaude lanean, esaterako.