
Urumea ibaia Martutenen. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Urumea ibaia gainezka egitear da, eta Martutenen uholdeari dagokion alerta laranja ezarri dute. Donostiako Udalak azaldu du Okendotegin ibaiak gainezka egin duela, eta ura Aita Abarzuzako garajeetan sartu dela; baina urak ez duela kalte larririk eragin.
Goizeko 6.00ak aldera SMS eta megafonia bidez ohartarazi dituzte bizilagunak, ibilgailuak zonalde seguruetara eramateko. Era berean, Dbus-ekin harremanetan jarri da krisi mahaia, ibilgailuak Garberara eraman beharko balira, autobus zerbitzuak jartzeko. Suhiltzaileek, Udaltzaingoak eta DYAk mobilizatuta jarraitzen dute.
Añarbeko Urak informatu duenez, konportak guztiz itxita ditu eta 3 milioi m3 ur jaso ditzake oraindik, sei milioi gehiago jasotzeko espazioa bideratzeko aukera du.
Eguraldi iragarpenaren arabera, egun osoan euria egingo du; eta biharko euri gehiago espero dute. Alerta mailak indarrean jarraitzen du, beraz. Nobedaderik ez badago, krisi mahaia arratsaldeko 19.00etan bilduko da berriz.