Hogei emanaldi baino gehiago lotu ditu Donostiako Orfeoiak 2013rako
Donostiako Orfeoiak momentuz 20 emanaldi baino gehiago ditu lotuta 2013rako. Orfeoiko Jose Maria Etxarri presidenteak eta Jose Antonio Sainz zuzendariak prentsaurrekoa eman dute gaur goizean, guztiaren berri zehatza emateko. Pozik daude arduradunak; krisi egoeran kultura murrizketa handiak jasotzen ari dela gogorarazi dute, eta hala ere, orfeoia bere kalitatea eta maila mantentzeko gai izaten ari dela azpimarratu dute. Iaz, esaterako, 24 kontzertu eman zituen orfeoiak.
Dagoeneko ekin dio urteari abesbatza donostiarrak, izan ere, urtarrilaren 9an Madrilen kontzertu bat eskaini zuen Michael Francis maisu britainiarraren zuzendaritzapean, eta Andres Segovia Kamara Orkestrarekin batera. Ostiral honetan bertan, urtarrilaren 18an, Txillida Lekun kontzertu bat eskainiko du Orfeoiak. Eduardo Txillidaren heriotzaren hamargarren urteurrenaren harira antolatutako ekimenen barnean egongo da emanaldia. Bach-en sorkuntzak eskainiko dituzte, horixe baitzen eskultorearen musikagile kuttunenetako bat. Edonola, orfeoiko arduradunek aurten izango dituzten bi irteera nabarmendu dituzte, Tolousera eta Parisera egingo dituztenak. Zehazki, otsailaren 8an joango dira Tolousera, eta Hector Berliozen Faustoren Kondenazioa abestuko dute, Tolouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalaren egoitzan. Parisen, berriz, otsailaren 11ean izango da orfeoia, Pleyel Aretoan; bertan kantu berak interpretatuko ditu.
Musika Hamabostaldian parte hartuko du
Donostiako Musika Hamabostaldian ere ez du hutsik egingo orfeoiak. Bi kontzertu eskainiko ditu; abuztuaren 28an, Requiem eta Cantique de Jean Racine abestuko ditu, eta abuztuaren 31ean, Mahleren Bigarren Sinfonia eskainiko du. 1813ko hiriaren erretzearen bigarren mendeurrena dela eta, hainbat ekimen izango dira hirian, eta bertan ere parte hartuko du orfeoiak. Abuztuaren 30ean, Sagastiren Requiem meza kantatuko du Koruko Santa Maria elizan, baita Usandizagaren 1813ko abuztuaren 31ko ereserkia ere. Orfeoi Txikik ere parte hartuko du ekitaldi horietan, eta Donostiako Udaleko Txistulari Bandarekin batera CD bat grabatuko du euskal musikagileen 16 piezekin. Grabazioa martxoan egingo dute eta apirilaren 23an aurkeztuko dute diskoa, Sarriegiren heriotzaren mendeurrenarekin bat eginez.



