Hurrengo orduak erabakigarriak izango dira
Urumeako urek goranzko joera hartu dute; Martutene eta Txomin Eneari begira dago udala
Urgentziazko agerraldia egin du Donostiako Udalak, euri eta haize denboralea dela eta. Larrialdi mahaia eta larrialditarako planaren neurriak abian jarri dituzte dagoeneko, eta hurrengo orduak Urumeak gainezka egingo duen edo ez ikusteko erabakigarriak izango dira.
Goizean, 7:00ak inguruan iritsi da ibaia maila altuenera Martutene eta Txomin Enean, hain zuzen ere, 3,8 metrora. Gainera, Okendotegi inguruan dagoeneko gainezka egin du. Juan Karlos Izagirre alkateak azaldu duenez, udaleko hainbat kidek bisita egin dutenean, apur bat jaitsi da, baina orain berriro goranzko joera hartu du. Hurrengo orduetan egingo duen euriaren araberakoa da arriskua.
Babes Zibileko arduradun Txetxu Mendizabalek azaldu du oraindik abisu laranja mantentzen dela, hau da, 80 litro metro koadrotik gorako eurite arriskua dagoela. Une kritikoena 19:00ak aldera espero dute, berriro ere itsasgora baitago. Hala ere, egoera okertuko balitz, lehenago deituko lukete larrialdi mahaia hartu beharreko neurriak hartu ditzaten. Bestalde, Añarbeko egoera ona dela azaldu dute, atzo ireki baitzituzten konportak, eta orain euria jasotzeko gaitasuna duela azaldu dute.
Bizilagunak, kezkatuta
Izagirrek azaldu du lehenengo aldiz larrialdi mahaiean udaleko hainbat sail egoteaz gain (DYA eta Gurutze Gorria) Martutene eta Txomin Eneako bizilagunen ordezkaritza bat dagoela. Herritarrek “informazio zuzena” dutela azaldu du alkateak. Auzotarrei plazaratu die informazioa behar badute, auzo elkarteengana jotzeko, haiek ongi informatuta baitaude eta noski, jasotzen dituzten SMS bidezko abisuei kasu egiteko.
Bizilagunen egoerari buruz galdetuta, alkateak, oso kezkatuta daudela azaldu du; “euria egiten duen guztietan bezala”, esan du. Gaineratu du, gaurkoan gertatzen ari dena, hurrengo urteetan hainbesteko ikara ez izatea espero dutela, hain zuzen ere, Urumean egiten ari diren lanen harira.
Goizetik, suhiltzaile, udaltzaingo eta DYAko kideak daudela auzoetan.



