Euskal Herrian Euskaraz presente egon da Hiritar Merezimenduaren Dominen ekitaldian
Ekitaldi hunkigarria izan da, musikaz eta txalo zaparradez bete dena.
Hiritar Merezimendu dominak banatu dituzte udalbatzar aretoan. Jakina zen bezala, Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”, Jaime Caballero igerilaria, Luisa Etxenike idazlea, Donostiako Ospitaleko Neonatologia unitatea eta Txotxongilo Taldea omendu dituzte.
Juan Karlos Izagirre alkateak pozarren eman dizkie dominak, eta omenduek esker ona adierazi diote udala eta hiriari.
Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegiren seme Joseba Alvarezek jaso du Hiritar Merezimendu domina, bilobarekin. Ekitaldiaren unerik hunkigarrienetakoa izan da. Euskalgintzan aitak egindako lana gogoratu du eta baita seme bezala jaso duen euskararekiko heziketa ere. Baina arlo askotan aritua izan dela Txillardegi gogorarazi du; “ekarpen teorikoaz aparte, ekintzailea ere izan zen aita”, esan du.
Gainera Juan Karlos Izagirre alkateari Euskal Herrian Euskarazeko bandera bat oparitu dio; “aitaren izpiritua jasotzen duen erakunde bat badago, hauxe da”, azaldu du.
Literaturan eta euskalgintzan egindako lanagatik omendu dute Txillardegi, baina Izagirrek hainbat eta hainbat arlotan egindako lana azpimarratu nahi izan du.

